ZETAK BIME PRO-N (III)
"El sueño americano" (ZETAK Kolonbian III)
Pello Reparaz
ZETAK taldeak BIME PRO jaialdian parte hartu du, Kolonbian. Pello Reparaz musikariak bertako nondik norakoak aletuko ditu eitb.eus-en.
Hona ekarri gintuen BIME PRO jaialdia amaitu, eta, hori ospatzeko, Theatron diskotekara joan ginen. 6.000 pertsonarentzako lekua du aretoak, eta denak aldi berean reggaetoia dantzan ikustea lurrikara bat bizitzearen antzeko sentsazioa da. Eta hori izan da Kolonbia ZETAK-entzat. Lurrikara erraldoi baten gisa kolpatu gaituen esperientzia.
Hunkituta goaz Euskal Herrira bueltan. Betiko legez geurea erakustera joan herrialde batera, eta espero baino hamar aldiz gehiago ikasita itzuli gara. Zeinen txikiak garen ulertzea da bidaiatzearen gauzarik ederrena.
Artzai Iraurgi etxarriarra dut alboan. ZETAK-en managerra eta laguna. Egun hauetan egin dituen kontaktuen inguruan galdetu diot, eta pozik kontatu dit munduko txoko ezberdin askotakoak direla: Mexiko, Peru, Ekuador, Miami, Txile, NY, Venezuela, Argentina eta Kolonbiako mila.
ZETAK-ek ez du oraindik Amerikako Estatu Batuetako "amets" famatu horiekin probatu. Baina Kolonbiako alde zaharreko kafetegi batetik, Juan Valdéz kafe huts bat eskuan dudala, harro diotsuet: Ipar Amerikan baino gehiago, Hego Amerikan aurkitu dugu bestelako "Sueño Americano" bat. Adiskidetasun, maitasun eta elkartasun amets eder bat. ¡Qué Chimba Parce, esto es Colombia!