Maiatzak 19-28
Musikastek hamar emanaldirekin ospatuko du 50. edizioa
N. V. | EITB Media
Errenteriako musikaren astea ostegunean abiatuko du Maria Jose Barandiaran pianistaren eta Iagoba Fanlo biolontxelistaren kontzertu batek.
Musikaste Euskal Musikaren Errenteriako Asteak 50. edizioa hasiko du maiatzaren 28an, eta hamar emanaldirekin ospatuko dute mende erdia.
Zortzi egunez, kontzertuak izango dira Errenteriako hainbat txokotan, hala nola Lekuona Fabrikan, Niessen Kulturgunean, Madalena ermitan, Fatimako parrokian, Andre Mariaren Zeruratze parrokian, Koldo Mitxelena ikastetxean eta Xabier Olaskoaga plazan.
Programazioa hasteko, Maria Jose Barandiaran pianistak eta Iagoba Fanlo biolontxelistak Jose Maria Francoren, Anton Larrauriren eta Beltran Pagolaren lanak joko dituzte ostegunean, maiatzak 19, Madalena ermitan.
Ostiralean, lied kontzertua izango da Miren Urbieta abeslariaren eta Ruben Fernandez pianistaren eskutik, larunbatean Kukai Dantza taldeak "Erritu" aurkeztuko du, igandean musika erlijiosoa, txistua eta banden musika entzungo da eta maiatzaren 25ean Iñaki Salvador Triok kontzertua emango du Niessen Kulturgunean.
Maiatzaren 27an, Koruen Egunean, Suhar taldeak, Landarbaso Abesbatzak, KUP taldeak eta Etxarri Aranazko abesbatzak kantatuko dute.
Aurtengo programan, egun sinfoniko-korala berreskuratuko dute, larunbatean, Lekuona Fabrikan, Euskadiko Orkestraren eta Andra Mari Abesbatzaren emanaldiaren bidez.