Denboraldi berria
Tragedia gainditzeko musika jo nahi du Euskadiko Orkestrak 2022-2023 denboraldian
N. V. | EITB Media
Abonatuak berritzeko aldiaren ondotik, abonu berriak ekainaren 15ean jarriko dituzte salgai, 80 eurotik 235 eurora arteko salneurrian. Ravelen orkestra lanen bigarren bolumena argitaratuko du, gainera, Orkestrak.
Euskadiko Orkestrak 2022-2023 abonu denboraldia aurkeztu du gaur, ostegunarekin, Donostian. Irailaren 23an hasiko da ondo bidean aforo murrizketarik izango ez duen denboraldia, Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da, Donostian.
Hamar kontzertu izango dira guztira Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, eta, Euskadiko Orkestrako arduradunek gaur azaldu dutenez, "errealismo eta ezbehar dosi eskergak" egongo dira horietan, baita "haien gainditzea, baikortasuna, energia eta grina ere".
Entzuleek gozatu ahalko dituzte Xostakovitxek bere noten bitartez adierazten duen gordintasuna (8. Sinfonia), Txaikovskiren mamuak (4. Sinfonia), Brucknerren sinfoniarik handiena (8. Sinfonia) eta mundu osoan oraindik aditzen den Carl Orffen lanik ospetsuena (Carmina Burana) –Donostiako Orfeoiarekin batera eskainiko duena, taldearen 125. urteurrenean–.
Robert Treviñok jarraituko du zuzendari titular gisara, eta denboraldiko lau kontzertu gidatuko ditu.
Denboraldian, Mare Marginis Ramon Lazkanok ondutako pianorako kontzertua eta Lorratz Zuriñe F. Gerenabarrena gasteiztarraren lana estreinatuko dituzte.
2023ko martxoan, Krakovia, Varsovia, Katowice eta Wroclaw Poloniako hirietan joko du Euskadiko Orkestrak, eta udaren bururako Maurice Ravelen orkestra lanen bigarren bolumena argitaratuko du, dagoeneko grabatuta daukana.
Oraingo abonatuak berritzeko aldiaren ondotik, abonu berriak (hamar kontzertuetarako) ekainaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai, 80 eta 235 euro arteko salneurrian. Sarrera solteak irailaren 1ean jarriko dituzte salgai.