HERIOTZA
Vangelis "Blade Runner" eta "Chariots of Fire" filmetako konpositorea zendu da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Soinu-banda onenaren Oscar saria irabazi zuen "Chariots of Fire" filmerako egindako lanarekin.
Vangelis Greziako konpositorea hil da, 79 urte zituela, Parisko ospitale batean.
Oinarri elektronikoko musikaren aitzindaria izan da Vangelis. Blade Runner (1982) eta Chariots of Fire (1981) filmen soinu-bandak konposatu zituen, eta soinu-banda onenaren Oscar saria irabazi zuen azken horrekin.
Halaber, Roman Polanskiren Bitter Moon (1993) pelikularen soinu-banda ere berak egin zuen.
Vangelis 1943ko martxoaren 29an jaio zen, Grezian, baina hainbat hiritan bizi izan da, tartean Parisen. Ez zituen elkarrizketa asko eskaintzen, eta oso gutxi argitaratu da haren bizitza pribatuari buruz.
Musika elektronikoaren eta esperimentalaren aitzindaritzat jotzen da. Sintetizadoreak eta haizezko instrumentuak erabiltzen zituen bere lanak misterioz janzteko.
50 urteko ibilbide profesionalean, baina, estudioko albumak ere argitaratu zituen.
Bestalde, 2002an Hego Korean eta Japonian jokatu zen munduko futbol txapelketaren abestia ere berak egin zuen.