Kontzertua, Bilbon
Nola gozatu Fito & Fitipaldis taldeak San Mamesen gaur emango duen kontzertuaz: gida praktikoa
EITB MEDIA
Fito & Fitipaldis taldeak eskainiko duen kontzertuak ikusmin handia sortu du. 45.000 pertsonak baino gehiagok izango dute aukera futbol-zelaian egoteko, eta, sarrerarik ez baduzu baina ez baduzu galdu nahi, eitb.eus-en, ETB2n eta Radio Euskadin ikusi ahalko duzu.
Fito & Fitipaldis taldeak kontzertua eskainiko du Bilbon, San Mames futbol-zelaian, larunbatean, ekainaren 11n, eta ikusmina oso handia da. 45.000 lagunek baino gehiagok izango dute aukera San Mamesen bertan egoteko, eta, gainera, EITBk zuzenean emango du, ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.eus-en.
Jarraian, gida praktikoa duzu, nahi bezala gozatzeko kontzertuaz.
Zer ordutan hasiko da Fito & Fitipaldis taldeak San Mamesen emango duen kontzertua?
19:00etan, ateak irekiko dituzte.
19:30ean, Morgan taldearen kontzertua.
20:30ean, Gatibu taldearen kontzertua.
22:00etan, Fito & Fitipaldis taldearen kontzertua.
Gonbidatutako artistak: Carlos Tarque, Dani Martin, Iñaki 'Uoho' eta Leiva.
Antolatzaileek nabarmendu dute ordutegiak zehatz-mehatz beteko dituztela, kontuan izanik kontzertua zuzenean emango dutela; hortaz, gomendioa da San Mamesera beharrezko aurrerapenarekin joatea.
Nola joan San Mamesera hilaren 11n, kontzerturako
Antolatzaileen aholkua da garraio publikoa baliatzea.
Metro Bilbaok zerbitzuak indartuko ditu, futbol-zelaira joango diren guztiei laguntzea helburu. Ekainaren 1etik, Metro Bilbaoren zerbitzuak ez du etenik ostiral eta larunbat gauean. Kontsultatu hemen informazioa.
Trena nahiago baduzu, Renfek geltokia du futbol-zelaiaren aldamenean, Bilboko Aldirietako hiru lineetarako (Bilbo-Santurtzi, Bilbo-Muskiz eta Bilbo-Urduña). Hemen dituzu ordutegiak.
Larunbatean, kontzertua dela eta, Bilboko Udalak Bilbobuseko zenbait linearen zerbitzua luzatuko du, kontzertura joango direnei etxera itzultzeko modua erraztea helburu.
Ordu hauetan izango dira azken irteerak linea horietan:
28. linea (Uribarri/Altamira): Uribarrirantz, Gran Vía 85etik: 01:10 eta 01:20ean. Eta Altamirarantz, Sabino Araneko 32tik: 01:20ean.
38. linea (Otxarkoaga/Basurtu-Termibus):Termibusetik: 01:10 eta 01:20ean.
56. linea (La Peña/Jesusen Bihotza): Gran Vía 85tik: 01:10 eta 01:20ean.
57. linea (Miribilla/Ospitalea): Ospitaletik: 01:20ean.
62. linea (San Mamés/Arabella): Gran Vía 85etik: 01:10 eta 01:20ean.
Kontzertua luzatzen bada, irteera horiek ekitaldia amaitu eta 10 eta 20 minutura atzeratuko dira.
Tranbiak ere hainbat geltoki ditu futbol-zelaiaren ondoan eta oso gertu.
Kontzertuaren eraginez, hainbat aldaketa izango dira Bilboko zirkulazioan, baita aparkaleku batzuetan ere.
Hurrengo kaleak itxiko dituzte:
Larunbatean, 13:00etatik aurrera: Felipe Serrate, Luis Briñas (Felipe Serrate eta Zunzunegui kaleen artean), eta Urkixo zumarkalea (Sabino Aranatik), garajeetarako eta larrialdietako zerbitzuetarako izan ezik. Bilbobusek ibilbidea aldatuko du.
Larunbatean, 14:00etatik aurrera: Ventosa bidea. Egoiliarrak Olabeaga aldapatik sartuko dira.
Ekainaren 11ko (larunbata) 18:00etatik ekainaren 12ko 02:00etara kale horiek guztiz itxiko dira.
Aparkalekuak hurrengo guneetan kenduko dituzte:
Felipe Serrate (estadioaren ondoan), ekainaren 8ko 20:00etatik ekainaren 12ko 08:00etara. Luis Briñas (Felipe Serrate eta Zunzunegui kaleen artean), eta Urkixo zumarkalea (Sabino Aranatik), zamalanak izan ezik, ekainaren 10eko 22:00etatik ekainaren 12ko 02:00etara.
Kontuan izan: Bilboko tabernek aukera izango dute bi ordu beranduago ixteko, Fito & Fitipaldis taldearen kontzertuagatik.
San Mamesen egoteko sarrerarik ez baduzu: lasai, jarraitu kontzertua EITBn!