Kargatzen...
Itxi

''12 minutos''

Fito: "Ezerk ez nau asebetetzen kantuak egin eta jotzeak adina, eta ez daukat beste planik"

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Larunbatean San Mamesen kontzertu historikoa eman aurretik, bilbotar musikariak dena prest dagoela esan du ETB2ri eskainitako elkarrizketa batean, eta gelditzen den bakarra da "bi ordu eta erdi jotzera atera eta primeran pasatu".

Arantza Ruiz eta Fito, elkarrizketan

45.000 sarrera, hiru egunean salduta; 1.200 behargin lanean dena ondo irten dadin; 59 metro zabal den agertokia; 600.000 watt argi indar eta 300.000 watteko soinu potentzia… Fito & Fitipaldis taldeak larunbatean Bilbon emango duen kontzertuaren zenbakiak beldurgarriak dira, baina, hori gorabehera, Fitok ez du horren zama bere bizkar hartu nahi, ETB2ri emandako elkarrizketa batean esan duenez: "Nire hirian nago, besterik ez, beteko nuela ametsetan ere pentsatu ez nuen estadio batean… Neuretarrentzat jo nahi dut, Bilborentzat".

Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegien zuzendariak elkarrizketa egin dio, "12 minutos" saioan, Fito Cabralesi, larunbatean 22:00etatik aurrera eitb.eus-en, ETB2n eta Radio Euskadin zuzenean jarraitu ahalko den kontzertuaren atarian.  

Fitok berak adierazi duenez, "zerbait gehiago" izango du kontzertu honek, pandemiaren ondoren: "Kulturak sekula ez du ospe handirik izan, baina orain balio apur bat hartu du, agian. Eta oso ondo dago hori. Kulturarik gabe, bizitza askoz txarragoa da".

Arantza Ruiz eta Fito

Musikaz haraindian, musikariak arreta jartzen dio inguruan gertatzen denari –"Teleberri eta En Jake ikusten ditut", esan du–, eta botoa ematen duela ere adierazi du, "udal hauteskundeetan batez ere, botoa nori ematen diodan jakiten dudalako", baina, hori bai, fideltasun hautsiezinik gabe: "Izquierda Unidaren alde bozkatu dut, Podemosen alde ere, eta Bilbon EAJri ematen nion botoa…". Nolanahi den, inoiz ez luke bere kantu bat alderdi baten hauteskunde kanpaina baterako lagako: "Musika eta politika nahasten dituzunean, musikak galdu eta politikak irabazi egiten du".

Musikara bueltan, Fitori gero eta nekezagoa zaio birak abiatzea: "Azkenaldian kontziliatu egiten dut, eta familia osoa eraman". Semeetako bat, gainera, berak 80ko hamarkadan eman zituen lehen pausoak berritzen dihardu musikagintzan, eta Fitok prest egon behar dela errepikatu dio: "Musika bizibidea izan daiteke, baina oso zaila da zure kantuak ogibide izatea. Inoiz ez da jakiten zergatik entzun nahi dituen norbaitek zure kantuak, milioika eta milioika kanturen artean".

Fitok aurretik duen ibilbideari dagokionez, jarraitzaileak lasai egon daitezke, oraindik ez baitu erretiroan pentsatu: "Ez daukat erretiroa hartzeko asmorik. Bi urte daramatzat kantu eskolak hartzen, Txurdinagan, Nuria Orbearekin. Gauza gehiegi ditut oraindik egiteko".

"Ezerk ez nau asebetetzen kantuak egin eta jotzeak adina, eta ez daukat beste planik", amaitu du. Oraingoz, San Mameseko kontzertua izango du kantu horiek jotzeko hurrengo abangunea.