Bertan behera
Metallicak kontzertu bat bertan behera utzi du Bilbon jo baino lau egun lehenago
N. V. | EITB Media
Kaliforniako laukoteak ez du joko Frauenfeld Rocks Suitzako jaialdian eman behar zuen kontzertua, lantaldeko kide batek positibo eman baitu covid-19ak jota.
Metallica taldeak ez du gaur gauean, ekainak 29, Frauenfeld Rock Suitzako jaialdian iragarrita zuen kontzertua joko, taldeak berak sare sozialetan idatzi duenez, lantaldeko kide batek positibo eman baitu covid-19an.
Kaliforniako laukoteak kontzertua eskaini behar du igandean, uztailak 3, Bilboko San Mames estadioan, Bilbao Bizkaia Rock Day jaialdiaren barruan, Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeekin batera, baina oraindik ez dute ezer esan hitzordu horren inguruan.
It is with a very heavy heart that we are announcing that we will not be appearing at Frauenfeld Rocks in Switzerland today... pic.twitter.com/sUKILh5rzW
— Metallica (@Metallica) June 29, 2022
Live Nation kontzertua antolatzen ari den enpresatik esan digutenez, igandeko kontzerturako lanean jarraitzen dute.
Igandean Bilbora iritsi aurretik, Metallicaren birak beste hitzordu bat dauka ostiralean Rock Werchter Belgikako jaialdian, eta berorren antolatzaileek esan dute taldearekin harremanetan daudela eta bertan jotzeko "itxaropentsu" agertu direla.
The Regrettesek ez du joko
Bestalde, The Regrettes igandeko kontzertua ireki behar zuen estatubatuar taldeak iragarri du Europako bira bertan behera utzi dutela, lantaldean "hainbat covid kasu" aurkitu dituztelako.
Antolatzaileek esan dute gaur iragarriko dutela zeinek ordezkatuko duen talde hau Bilboko kontzertuan.