Itxi

MUSIKA

Metalaren hiriburu bihurtu du Bilbo Metallicak, egun batez

EITB MEDIA

Leer en Castellano

San Mames futbol-zelaiak 45.000 pertsona hartu ditu igande honetan Bilbao Bizkaia Rock Day jaialdian. Festibalak bi aldiz aldatu du bere kartela azken orduko ezustekoengatik, baina horrek ez du eragotzi zaleek ikuskizunaz gozatzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iritsi da eguna, eta, azken berriak gorabehera, Metallica taldea San Mameseko futbol-zelaian arituko da gaur gauean, 45.000 lagunen aurrean, Bilbao Bizkaia Rock Day jaialdian. Hitzordua, taldeak Europan egiten ari den biraren barruan kokatua, kolokan egon zen duela egun gutxi, bere taldeko kide batek covi-ean positibo eman ondoren, baina Live Nation sustatzaileak berehala baieztatu zuen emanaldia.

Hala ere, kartela bi aldiz egon da kolokan. Lehena, The Regrettes teloneroetako bat arrazoi beragatik hitzordutik erori eta Niña Coyote eta Chico Tornadok ordezkatu behar izan zutenean. Bigarrena igande honetan bertan izan da, kontzertuak hasita zeudenean; sustatzaileak azken orduko aldaketa bat zegoela jakinarazi die zaleei: Weezer taldeak ez zuen joko, Bilbora joateko bidaian sortutako arazoengatik.

Horrela, The Regretts taldearen ordezkoen ondoren (16:00etan aritu dira), agertokiaren ordutegia eguneratu egin behar izan dute, eta, hala, Nothing But Thieves 17:30ean igo da taulara eta The Hellacopters taldeak 19:30era aurreratu du bere ikuskizuna.

Hala ere, une handia 22:00etan hasi da, Metallica taldea bere errepertorioa interpretatzen hasi eta zaletuen marea beltza mugimenduan jarri duenean.

Kaleak itxita eta aparkalekuak kenduta

Kontzertuaren prestakuntza lanak aurreko astean hasi ziren eta gorabeherak eragin dituzte San Mames inguruko zirkulazioan. Asteleheneko 02:00ak arte iraungo dute aldaketek.

Hala, itxita daude trafikoarentzako Felipe Serrate kalea, Luis Briñas (Felipe Serrate eta Zunzunegi artean) eta Urkixo Zumardia (Sabino Aranatik), garajeetara joateko eta larrialdietarako izan ezik. Gainera, Bilbobusek ere aldaketak izan ditu bere ibilbidea eta gaurko 10:00etatik itxita egongo da Ventosa Kalea ere. Olabeagako Aldapatik sartu beharko dute bizilagunek.

Gainera, aurreko igandetik eta biharko 08:00ak arte ezin da aparkatu hiru kale horietan: Felipe Serraten, Luis Briñasen eta Urkixo Zumardian.

Bi ordu gehiago ostalaritzarentzat

Bilboko ostalariek ohiko ordutegia bi orduz luzatuko dute, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak eskatu eta Udalak onespena eman ostean. Ostalaritza guztiak luzatu ahalko du ordutegia, "egunekoak", "osagarriak" eta terrazak izan ezik. Horiek ohiko ordutegiari eutsiko diote eta ez da luzapenik izango establezimenduen kanpoldean kontsumitzeko ordutegian ere.

Neurri hau jada hartu zen Fitoren kontzertuan eta Bilbao Music Legends Festen ere. Gaurkoaren ondoren, ostalaritzaren ordutegia berriz ere bi orduz luzatuko da Bilbao BBK Live Jaialdian (uztailak 7, 8 eta 9) eta Bilbao Blues Festivalean (uztailak 29 eta 30).

EDUKI ERLAZIONATUA:

Legebiltzarkide Metallica-zaleak (elkarrizketa Euskadi Irratian)

Albisteak (1)

Bideoak (2)