Bigarren kontzertua
Hertzainakek abenduaren 17an ere joko du BECen
N. V. | EITB Media
Abenduaren 16rako iragarrita zegoen agur kontzerturako sarrera guztiak agortuta, biharamunean ere joko du gasteiztar taldeak Barakaldon. Sarrerak salgai daude.
Hertzainak taldeak bigarren kontzertu bat eskainiko du BECen abenduaren 17an, bezperan eskainiko duen agur kontzerturako sarrera guztiak ordu gutxian saldu eta gero. Salgai daude dagoeneko abenduaren 17ko emanaldirako txartelak.
Taldeak joan den astean iragarri zuen bi kontzertu emango zituela, Azkena Gure Alde izeneko biratxoan, BECen abenduaren 16an eta Gasteizen, oraindik zehaztu ez duten espazio batean, urtarril hasieran.
BECeko lehen gaualdirako sarrerak atzo jarri zituzten salgai, Kutxabank bankuaren bezeroentzat soilik, eta erosteke gelditu ziren txartel apurrak gaur goizean saldu dira, ordubetean. Horren aurrean, bigarren kontzertu bat iragarri du gasteiztar taldeak, abenduaren 17rako, larunbatarekin.
Barakaldoko kontzerturako sarreren salneurria 29, 40 eta 45 eurokoa da.
Hertzainak taldeak sei disko eta hainbat single eta EP kaleratu zituen bere ibilbidean, eta betiko utzi ditu "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Arraultz bat pinu batean", "Drogak AEKn", "Hil ezazu aita", "Rock & roll batzokian", "Aitormena", "564" eta beste hainbat ereserki.