Imanol, 75 urte
Kontzertu omenaldia egingo diote Imanol Larzabali bere jaiotzaren 75. urteurrenean
eitb media
Donostiako Antiguak musika ekitaldiak hartuko ditu larunbatean kantari eta musikagile donostiarraren omenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Musika ekitaldiekin emango diote amaiera Imanol Larzabal abeslari eta musikagile donostiarraren jaiotzaren 75. urteurrena oroitzeko asteari.
Musikari emankorrak beteko zituzkeen hiru mende laurdenak gogoratu dituzte egunotan aurkeztu dituzten zenbait lanekin.
Ostiralean 'Imanol: Kantatzen du kantuz' disko-liburua aurkeztu zuten, Anjel Valdesek aukeratutako 40 abestirekin. Elixabete Garmendia kazetariak, Karlos Gimenez piano joleak, Angel Valdes ekoizleak eta Felipe Juaristi poetak parte hartu dute lan horretan.
Era berean, ostiralean Lugaritz kulturguneko Imanol Larzabal aretoan Imanol: azken kontzertua dokumentala, On Time Ekoizpenak egina, eman zuten. Javier Gutierrezek egindako eta Iñigo Kintanak zuzendutako lanaren 70 minutuetan sortzaile eta abeslariaren ibilbidea errepasatu dute, ekarpen kulturalean azpimarra jarriz.
Azkenik, gaur 'Kantu Jira' egingo dute trikitilariek lagunduta, 12:00etatik aurrera, eta Imanoli eskainitako murala duen Antiguako Benta Berri plazatik abiatuta. Txirain elkartera joango dira handik, 14:00etan herri bazkaria antolatu baitute.
19:00etan, berriz, Imanol Larzabal aretoan bertan, kontzertua eskainiko dute Amaia Zubiria, Olatz Salvador, Maria Amolategi, Olatz Prat, Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Iosune Marin, Telmo Trenor eta Beñat Mujika musikariek.