XV. edizioa
Aita Donostiak antolatutako Aste Musikala abiatuko da larunbatean
Kontzertu guztiak Aita Kaputxinoen elizan egingo dira, 20:30ean, eta sarrera doakoa izango da. Bertan, abesbatzak, bakarlariak, boskoteak eta hirukoteak entzuteko aukera egongo da.
Aita Donostia Abesbatzak antolatzen duen Aste Musikala larunbatean abiatuko da. Kontzertu guztiak Aita Kaputxinoen elizan egingo dira, 20:30ean hasita, eta horietarako sarrera doakoa izango da.
Urtez urte hainbat abesbatza eta bestelako taldeak elkartzen dituen egitarau berezia da Aste Musikala. Aurtengoa 15. edizioa da, eta Gotzon Arrizabalagak zuzentzen duen formazioak, Concerto Donostiarrak, Bach-en koruak eskainiko ditu lehen egunean.
Igandean, Iñaki Tolaretxipik zuzentzen duen Landarbaso abesbatza arituko da, eta, astelehenean, Ainhoa Zubillaga mezzoak emango du errezitaldia, Fco. Herrero (biolina) eta Gerardo Rifón (organoa) lagun dituelarik.
Iaz bezala, aurten ere Musikeneko ikasleek osatutako Atelier Boskoteak (bi biolin, biola, biolontxeloa eta pianoa) eskainiko du kontzertua asteartean, eta asteazkenean, ikastaro amaierako errezitaldia egingo dute Orfeoi Txikik eta Orfeoi Gaztek elkarrekin.
Ostegunean, gutxitan interpretatzen den Pergoles-en “Stabat mater” eskainiko dute, Fco. Herrero biolinistak, Loreto Fdez. organistak, Débora Herrero sopranoak eta David Azurza kontratenorrak.
Stockholmetik datorren Hägersten Chamber Choir arituko da ostiralean, eta, amaitzeko, larunbatean, antolatzaileen txanda izango da; Javier Alberdik zuzentzen duen Aita Donostia abesbatzarena. Aurten, Aste Musikal honetan lan asko egin zuen eta iaz hil zen Lorenzo Ondarra aita kaputxinoa omenduko dute.