Uztailak 12-30
Mendiak eta musika, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera lotzeko
N. V. | EITB Media
Urmuga mendi ibilaldi musikatua 19 egunez egingo dute, uztailaren 12tik 30era, Angulo gainetik Hiru Erregeen Mahaira.
Urmugak 19 mendi ibilaldi eta 12 kontzertu eskainiko ditu bere laugarren edizioan, uztailaren 12tik 30era. Tarte horretan, ekimen horrek Angulo mendatetik Linza aterpera egingo du 4-9 orduko 19 zeharkaldi kateatuta, besteak beste, mendate hauek igota: Tologorri, Gorbeia, Anboto, Aketegi, Lindus, Saioa, Okabe, Orhi eta Auñamendi.
Bertan parte hartuko duten mendizaleek musika izango dute gozagai bidaia horretan, 12 kontzertu eskainiko baitituzte Urduñan, Otxandion, Araian, Errenterian, Aizpearron, Irulegin, Baigorrin, Salbatore baselizan, Iratin, Orhiko gailurrean, Zaraitzun eta Izaban.
Hainbat estilo eta belaunalditako artistak arituko dira kontzertu "ez-jendetsu eta ez-kaletar" berezi horietan, Et Incarnatus Orkestak lagunduta, hala nola Aire Ahizpak, Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Araiako Banda eta Abesbatza, Bingen Mendizabal, Donostiako Orfeoia, Eñaut Elorrieta, Garikoitz Mendizabal, Gorka Hermosa, Ibil Bedi, Jarauta 69 fanfarrea, Korrontzi, Mikel Urdangarin, Olaia Inziarte eta Rafa Rueda, eta, musikaz haratago, Felix Aiestaran idazlea, Iñigo Aiestaran eta Koldobika Jauregi artista plastikoak, Paul Urkijo zinemagilea eta Zinbulu dantza bertikaleko kolektiboa.