Itxi

Abuztuak 3 – irailak 1

Dantza Kursaalera itzuliko da Musika Hamabostaldian, "Beltxargen aintzira"ren eskutik

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Besteak beste, Pablo Ferrandez, Mitsuko Uchida, Anne-Sophie Mutter, Grigory Sokolov eta Hilary Hahn bakarlariak arituko dira jaialdiaren 84. edizioan.

Ballet Preljocaj konpainiak “Beltxargen aintzira” aurkeztuko du abuztuaren 7an

Txomin Badiola artistak egindako kartela aurkeztu eta gero, Donostiako Musika Hamabostaldiak programazioaren aurrerapena iragarri du gaur. Besteak beste, Mahlerren 8. sinfonia entzun ahalko da abuztuaren 3tik irailaren 1era egingo den jaialdian, agertoki gainean 400 musikari direla, baita Stravinskyren "Oedipus Rex" oratorio erdi-eszenaratua ere, jaialdiak berak ekoitzia.

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloa Pablo Ferrandez biolontxelo-jotzaileak irekiko du, abuztuaren 3an, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin batera. Orkestra hori bera biharamunean ere arituko da Kursaalen, Beethovenen 9. sinfonia eskaintzeko, hain zuzen ere.

Agertoki horretara, dantza itzuliko da aurtengo Hamabostaldian: Ballet Preljocaj konpainiak abuztuaren 7an "Beltxargen aintzira" aurkeztuko du.

Abuztuaren 16an, Grigory Sokolov pianistak errezital bat emango du, eta abuztuaren 18an Mahlerren 8. Sinfonia joko dute 400 bat pertsonak: Euskadiko eta Nafarroako Orkestrak, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza, Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte mezzosopranoa, Claudia Huckle kontraltoa, AJ Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa eta Mikhail Petrenko baxua.

Abuztuaren 20an, Mitsuko Uchida itzuliko da Kursaalera, Jonathan Bissekin lau eskutara jotzeko.

Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter arituko da berriro Kursaalen, Mutter 's Virtuosi kamera taldearekin (abuztuak 26), eta Bremengo Ganbera Filarmonikoak itxiko du Kursaal Auditorioko kontzertuen zikloa.

Victoria Eugenia Antzokiak ikuskizun bakarra hartuko du aurten: Enrike Solinisek sortu eta zuzentzen duen Euskal Barrokensemble taldeak "El amor brujo: esencias de la música de Manuel de Falla" ikuskizuna eszenaratuko du.

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 8an abiatuko dute.

Albisteak (1)