Kontzertua, ekainaren
Zea Mays taldeak jasoko du Adarra saria
N. V. | EITB Media
"Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea" delako eta "Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean" dagoelako emango diote saria, Adarra sarien hamargarren edizioan, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak.
Zea Mays Bilboko rock taldeak jasoko du 2023ko Adarra saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten aintzatespena, Juan González Andrés kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak hala erabakita.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra saria, "euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko". Orain arte, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria eta Joseba Tapia saritu dituzte.
26 urte, adore, kemen eta kuraiaz
Epaimahaiaren arabera, "Zea Maysek oso maila altuari eutsi dio kalitateari eta arrakastari dagokienez, 26 urteko musika-ibilbidean. Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri".
Zea Maysek Victoria Eugenia Donostiako antzokiko agertoki gainean jasoko du saria, ekainaren 21ean, Marijose Recalde eskultorearen garaikur batek gorpuztuta, eta kontzertua eskainiko du jarraian, "kolaboratzaile talde zabal batek lagunduta", iragarri dutenez.
Emanaldi horretarako sarrerak astelehenean, maiatzak 15, jarriko dituzte salgai, 25 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.