Sariak
Su Ta Gar, Merina Gris, Teresa Catalán, Neomak eta Kepa Junkera aitortu dituzte Musika Bulegoa sarietan
N. V. | EITB Media
Lau musika talderen eta sei artistaren lana goraipatu dute gaur Errenterian, Musika Bulegoa sarien zazpigarren edizioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herriko Musika Bulegoak joan den urteko musika proiektu esanguratsuenak aukeratu ditu Musika Bulegoa sarien zazpigarren edizioan, eta Errenteriako Lekuona Fabrikan arratsaldean egindako ekitaldian banatu ditu sariak.
Sariak, Amaia Ispizua Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, "euskal musikaren aniztasunaren isla" dira, epaimahaiak aztertu dituen 120 proiektuek eta saridunen zerrendak berak erakusten dutenez.
Epaimahaiak artista eta talde hauen lana azpimarratu du: Merina Gris ("Zerua orain" diskoa), Su Ta Gar ("Alarma"), Neomak (taldearen lehen diskoa, homonimoa), MICE ("Lautada" diskoa), Ines Osinaga ("#itsasoadabidebakarra"), Teresa Catalán ("La victoria vacía" obra, Elkanoren munduko biraren 500. urteurrenaren harira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak egindako enkargua), Enrike Solinis ("Ars Lachrimae" laute barrokorako 16 kantuko errepertorioa biltzen duen lana) eta Elena Setién ("Unfamiliar minds").
Agus Barandiaran Korrontzi taldeko trikitilariak, Gabriel Erkoreka konpositore eta Musikeneko irakasleak, Gema Sanchez AlEnRUTAko koordinatzaileak, Iker Bárbara Zarata Mondo Sonoro aldizkariko arduradunak, Maite Larburu biolin-jotzaile eta kantautoreak, Maria Taosa Radio3eko kazetariak, Mark Barnes ERESBIL Musikaren Euskal Artxiboko dokumentazio eta partitura arduradunak eta Sonia Duran Unión Fonográfica Independiente (UFI) elkarteko gerenteak osatu dute epaimahaia.
Horrez gain, Etxepare Institutuak Oreka TX taldea goretsi du "euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana" aitortzeko urtero ematen duen sariaren bidez.
Nola epaimahaiak aukeratutako zortzi proposamenek hala Oreka TXk 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistaren eskultura bat jaso dute.
Horrez gain, Musika Bulegoa elkarteko zuzendaritza batzordeak ohorezko sari berezia eman dio Kepa Junkera musikariari, "euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz".