Abuztuak 3 – irailak 1
Pablo Ferrández, Mitsuko Uchida, Grigory Sokolov eta Mahlerren 8.a 400 musikariren eskutik, Hamabostaldian
N. V. | EITB Media
70 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu Musika Hamabostaldiaren 84. edizioak, eta sarrerak ekainaren 8tik aurrera erosi ahalko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 84. edizioak musika klasikoaz gozatzeko 70 aukera baino gehiago eskainiko ditu abuztuaren 3tik irailaren 1era Donostian nagusiki, baita Gipuzkoako beste hainbat udalerritan zein Araban, Nafarroan eta Lapurdin ere, "Entzun, a zer plana!" lelopean.
Sarrerak ekainaren 8an, ostegunarekin, jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Hamabostaldiaren webgunean zein Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
Ikuskizun nagusiak Kursaal Auditorioan izango dira: Pablo Ferrández espainiar biolontxelo-jotzailea Rotterdam Philharmonic Orchestrarekin (abuztuak 3); orkestra hori berori, Beethovenen 9. Sinfonia, "Korala", jotzen; Ballet Preljocaj konpainia Beltxargen aintzira interpretatzen; Chamber Orchestra of Europe, Beethovenen eta Sibeliusen arteko kontrasteekin jokatzen duen programarekin (abuztuak 8); Grigory Sokolov pianista (abuztuak 16) Purcellen eta Mozarten piezak jotzen; bigarren hitzordu sinfoniko-koral handian, 400 pertsona agertoki gainean (Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania, Easo Abesbatza, Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte mezzosopranoa, Claudia Huckle kontraltoa, AJ Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa eta Mikhail Petrenko baxua) Robert Treviñoren zuzendaritzapean Mahlerren 8. Sinfonia interpretatzeko (abuztuak 18).
Abuztuaren 20an, pianoko beste izen handienetako bat itzuliko da Kursaal Auditoriora, Mitsuko Uchida, Jonathan Bissekin lau eskutara Schuberten programa monografiko bat interpretatzera. Abuztuaren 24an, ekoizpen lan propio bat estreinatuko du: Oedipus Rex oratorio erdi eszenaratuaren bertsio berri bat, zeina, Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak interpretatuko baitute. Irène Jacob aktore eta abeslari frantziarrak egingo du narratzailearen rola.
Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter (abuztuak 26) eta Deutsche Kammerphilharmonie Bremen taldea igoko dira Kursaaleko oholtzara, azken hori birritan: lehenengo kontzertuan (abuztuak 29), Hilary Hahn biolinista izango da bakarlari gonbidatua, eta bigarrenean (irailak 1), Haydnen Nelson Meza izango da pieza nagusia.
Hala ere, Kursaaletik kanpo ugari izango da zer ikusi. Victoria Eugenian, Landarbaso Abesbatzak eta Kontarik Nora? haurrentzako euskarazko opera aurkeztuko dute abuztuaren 8an, eta Euskal Barrokensemble taldeak El amor brujo: esencias de la música de Manuel de Falla ikuskizuna eszenaratuko du abuztuaren 28an.
Organo Zikloak, Antzinako Musika Zikloak, Ganbera Musika Zikloak, Tabakalera Dantzan zikloak eta Interprete Gazteen zikloak ez dute programazioan huts egingo, eta San Telmo Museoa, Chillida Leku, Cristobal Balenciaga Museoa, Senpere, Arantzazu, Urrestilla eta Iekorako (Araba) baseliza txiki bat harrapatuko dituzte, besteak beste, Ana Belén García, Thierry Biscary, Daniel Zapico Carlos Mena, Judith Jáuregui, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta beste interprete askoren lanari esker.