ARF 2023
"Rock gordina eta riff zaratatsuak entzungo dira Azkena Rock Festivalen, bolumen altuan"
Natxo Velez | EITB Media
Gaur hasiko da Azkena Rock Festival hiru eguneko rock jaialdia Medizabalan, Gasteizen, eta bertan izango diren hiru talderekin hitz egin dugu: Pasadena, Ezpalak eta Brigade Loco.
Azkena Rock Festival jaialdi beteranoak ez dio huts egingo bere urteroko hitzorduari, eta rock doinuak zabalduko ditu Mendizabalako eremu erosoan, hiru egunez, ostegun, ostiral eta larunbatean, ekainaren 15, 16 eta 17an.
Rockaren, gitarra ozenetan oinarritutako musikaren, izen handiak igoko dira, publikoaren gozagarri, eremuko hiru oholtzetara, hala nola El Drogas, Rancid, Monster Magnet (ostegunean), The Pretenders, Calexico, Incubus eta The Soundtrack of Our Lives (ostiralean) eta Lucinda Williams, Melvins, Iggy Pop eta Alter Bridge (larunbatean), baina, kartelean letra txikiagoan agertzen badira ere, euskal taldeek ere izango dute ordezkaritza Arabako hiriburuko jaialdian.
Ostegunean, Liherrek joko du, El Drogasez gain; ostiralean, Pasadenak; eta larunbatean, Ezpalak eta Brigade Loco taldeek. Azken hiru horietako kideekin hitz egin dugu.
PASADENA (ostirala, 18:00, Love agertokia)
Gasteizko taldeak etxean jokatuko du ostiralean, Bones of Minerva eguneko lehen taldearen ondoren Mendizabalera lehen ordutik sartutakoei giroa gozatzen; erroko amerikar musikaren beren doinuak ederto uztartuko dira ostiraleko karteleko hainbat kiderenekin, hala nola Calexico eta The Soundtrack of Our Lives.
"Pasadena" eta "Izpia" diskoetako kantuak entzungo dira.
Jon Basaguren eta Libe García de Cortázar (Pasadena)
Egon zara inoiz Azkena Rock Festivalen? Noiz?
Bai, duela urte batzuetatik hona, ia urtero joaten gara, ez badugu gure kontzerturik data horietan.
Zer oroitzapen dituzu jaialdian bizi izandakotik?
Oso gustuko ditugun talde askok jo dute bertan, eta gasteiztarrak izanik lagunekin bizitako kontzertu horiek bereziak dira.
Mendizabalan ikusitako zer kontzertu duzu gogoan bereziki iltzatuta?
Queens of the Stone Age, Patti Smith, The Who, Michael Kiwanuka… Asko dira!
Zer agintzen diozu, bai ala bai, zuen kontzertua ikustera gerturatzen denari?
Kanta ederrak! (Kar-kar)
Zer eskaintzen dio taldeari horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?
Aukera ona da gure kantuak aurkezten jarraitzeko, zabalpena izan dezaten eta bestela kasu egingo ez ligukeen jende pixka batek gure berri izateko.
Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?
Iraupen aldetik, zertxobait moztu beharko dugu azkenaldian egiten ari garen kontzertua. Bestalde, ezin izango dugu normalean erabiltzen ditugun musika-tresna batzuk erabili; exijentzia batzuk nahiko zorrotzak dira.
Ordutegiak ahalbidetzen badizu, karteleko zein talde ez duzu galduko?
Iggy Pop, Calexico, Incubus, The Soundtrack of Our Lives…
Zer da agertokira irten aurretik egiten duzun azken gauza?
Besarkada bat ematen dugu taldekide guztiok.
Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzun lehen gauza?
Taldekideak besarkatu!
Zein da, ezagutzen dituzun jaialdietatik, zure gustukoena?
Ez gara bereziki jaialdizaleak, baina Azkena bada gustukoenetako bat.
Zein da ikusi zenuen lehen kontzertua?
Oskorri.
Pasadena
Zein da ikusi duzun azken kontzertua?
Anje Duhalde, aurtengo Ibilaldian.
Ikusitako zein kontzertu ez duzu sekula ahaztuko?
Asko dira! Azkena, Rosaliarena!
Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?
Tina Turner.
Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?
Ez.
EZPALAK (larunbata, 17:30, God agertokian)
Gipuzkoar laukoteak "Hortz aina hots" diskoa aurkeztu, eta bere aurreko bi diskoetako kantu indartsuak joko ditu Gasteizen. Entzungai izango dira "Itzalak", "Kontran", "Zu izan"…
Eñaut Gaztañaga taldeko gitarristarekin hitz egin dugu.
Egon zara inoiz Azkena Rock Festivalen? Noiz?
Bai, urte askotan. Azkenekoz, joan den urtean.
Zer oroitzapen dituzu jaialdian bizi izandakotik?
Oso jaialdi eroso eta giro onekoa dela.
Mendizabalan ikusitako zer kontzertu duzu gogoan bereziki iltzatuta?
Pearl Jamen kontzertua (2006). Itzela izan zen!
Ezpalak. Argazkia: Josu Torrealday.
Zer agintzen diozu, bai ala bai, zuen kontzertua ikustera gerturatzen denari?
Rock gordina eta riff zaratatsuak entzungo dituela, bolumen altuan, eta taldeak dena emango duela oholtza gainean!
Zer aurkituko du publikoak seguru zuen emanaldian?
Energia eta emozioa.
Zer eskaintzen dio taldeari horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?
Ederra da horrelako aukerak izatea; beste taldeak ikusi, beste taldeekin giro ederra konpartitu eta jende ezberdinarengana iristeko aukera paregabea izaten da.
Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?
Normalean ezin izaten duzu sala batean joko zenukeen errepertorioa jo. Denbora gutxiago izaten dute gu bezalako taldeek, eta ondo pentsatu behar izaten da zer kantu sartu kontzertuan.
Ordutegiak ahalbidetzen badizu, karteleko zein talde ez duzu galduko?
Melvins eta Iggy Pop behintzat ez ditut galdu nahi larunbatean.
Zer da agertokira irten aurretik egiten duzun azken gauza?
Luzaketa gutxi batzuk eta pixa.
Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzun lehen gauza?
Garagardoari trago bat eman!
Zein da, ezagutzen dituzun jaialdietatik, zure gustukoena?
Jaialdi txikiak ditut gogoko, Canela Party estilokoak adibidez; handietatik, gertutasunagatik agian, Bilbao BBK Live.
Zein da ikusi zenuen lehen kontzertua?
Herriko talderen bat, seguruenik Lin Ton Taun.
IRAKURRI 2021ean EZPALAKI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Zein da ikusi duzun azken kontzertua?
Janus Lester. Elkarrekin jo genuen aurrekoan, eta euren kontzertua ikusten egon ginen.
Ikusitako zein kontzertu ez duzu sekula ahaztuko?
Oso txikia nintzela, Metallica ikusteko aukera izan nuen, "Load" diskoaren biran, eta eragin handia egin zidan kontzertu horrek.
Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?
Nirvana.
Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?
Ez!
BRIGADE LOCO (larunbata, 18:00, Love agertokian)
2017an Bergaran sortutako punk taldeak bere bi disko luzeetako kantuak eta beste hainbat abesti joko ditu joan den urtean, gau bero-bero batean, Social Distortion beren heroiek gauza bera egin zuten toki berean.
Alex Arteaga Urrutia taldeko gitarristak erantzun die gure galderei.
Alex Arteaga Urrutia (Brigade Loco). Argazkia: Snap Live Shots (HFMN), artistak lagata
Egon zara inoiz Azkena Rock Festivalen? Noiz?
Bai, joan den urteko edizioan izan nintzen lehen aldiz ARFn, baina taldekide batzuk aurreko beste edizio batzuetan izandakoak dira.
Zer oroitzapen dituzu jaialdian bizi izandakotik?
Oso oroitzapen polita dut joan den urtetik, niretzat oso berezia den talde batek, Social Distortionek, jo zuelako bertan, eta aspaldi nituen ikusi gabe.
Talde ezezagun asko ikusteko aukera izan nuen, eta hori da jaialdietatik gustuko dudana: talde berriak ezagutzea.
Lagun talde bat joan ginen, eta Gasteizko beste lagun batzuekin elkartu ginen; asteburu ederra izan zen.
Mendizabalan ikusitako zer kontzertu duzu gogoan bereziki iltzatuta?
Esan bezala, Social Distortion talde estatubatuarraren kontzertua beti gordeko dut memorian, baina badira asko disfrutatu nituen beste talde batzuk ere: Mad Sin, The Afghan Whigs eta Delirium Tremensen itzulera.
Zer agintzen diozu, bai ala bai, zuen kontzertua ikustera gerturatzen denari? Zer aurkituko du publikoak seguru zuen emanaldian?
Gure kontzertuak energiaz beterikoak dira. Taula gainera igotzen garenean, gozatzea da gure helburua, eta jendeari energia bera kutsatzea.
Kanta bat hurrengoarekin nola lotzen dugun edota jendearen aurrean mugitzeko gure moduak gozatzen ari garela erakusten du, eta hori eskaini nahi dugu; bost lagun, maite dutena egiten.
Kanta zaharrak eta berrienak aurkitu daitezke gure set list-ean eta denetarikoak, gogorrenetatik lasaienetara.
Zer eskaintzen dio taldeari horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?
Taldearentzat aukera ikaragarria da horrelako jaialdi handi batean jotzea. Hain mitikoak eta izen handikoak diren taldeekin kartelean egoteak ase egiten gaitu.
Horrez gain, segur aski gu ikustera inoiz etorriko ez litzatekeen publiko bat aurkituko dugu, eta horrek beste musika estiloetara ohituta dauden belarrietara iristen laguntzen du.
Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?
Ez gara inongo mugarekin aurkitu. Egia da lan egiteko orduan beste protokolo batzuk egin behar izan ditugula, eta ez gaude horietara hain ohituta.
Gu normalean aritzen garen kontzertuetan ez dira horrelakoak sarri egiten, baina honek erakusten du jaialdiaren antolatzaileek lan handia egiten dutela eta musikariak zaintzen dituztela.
Ordutegiak ahalbidetzen badizu, karteleko zein talde edo artista ez duzu galduko?
Ez dut inondik inora Iggy Popen kontzertua galduko, ezta Ezpalakeko lagunena ere. Baina, aurretik esan bezala, talde berriak ezagutu nahiko nituzke.
Zer da agertokira irten aurretik egiten duzun azken gauza?
Nik zapatilen lokarriak askatu eta indarrez lotzen ditut berriz, baina taldekideok elkartzen garen momentua izaten da bereziena: bostok elkartu, eta abestien zerrenda errepasatzen dugu. Ondoren, elkar besarkatuta, abesti bat abesten dugu, urduritasuna kentzeko.
Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzun lehen gauza?
Jaitsitakoan, taldekide guztiok elkar besarkatzen dugu banan-banan, eta ea ondo joan den galdetzen diogu elkarri: soinua nolakoa izan den, gustura sentitu den…
Zein da, ezagutzen dituzun jaialdietatik, zure gustukoena?
Ezagutzen ditudan jaialdi guztietatik gustukoena eta bereziena Ekinez jaialdia da. Gure herrian bertan egiten da, Bergaran, eta gure baxu-jotzailea da antolatzaileetako bat.
Zein da ikusi zenuen lehen kontzertua?
Ikusitako lehen kontzertua Bergarako Gaztetxean izan zen. 15 urte izango nituen, eta gogoan dut bizitako urduritasuna, lehen aldiz horrelako toki batean, nagusiz inguratuta... Taldeak, Kaleko Urdangak, Fridays Crew, Cold Revenge eta Red District.
Zein da ikusi duzun azken kontzertua?
Ikusi dudan azken kontzertua gure taldekide berria den Martinen beste taldearena izan da, Herdoil taldearena. Baita beraiekin gaua partekatu zuten eta Debagoienean egiten den Danbaka maketa lehiaketan Ekinez saria irabazi zuten Letagin talde oñatiarrarena.
Ikusitako zein kontzertu ez duzu sekula ahaztuko?
Ez dut inoiz ahaztuko Bruce Springsteenek Anoeta futbol zelaian eskainitako azken kontzertua.
Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?
Garai bateko taldeak ezin ikusi izana da egun pena handia ematen didana; beraz, asko dira: Ramones, Cicatriz, Creedence Clearwater Revival…
Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?
Egia esan, inoiz ez dut horrelakorik sentitu. Badaude gutxiago disfrutatzen dituzun kontzertuak, baina guztietatik gelditzen zara zerbaitekin.