Uztailak 21-25
Donostiako Jazzaldiak Abdullah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita sarituko ditu
N. V. | EITB Media
Musika jaialdiak 90 kontzertu eskainiko ditu bost egunez, 16 agertokitan: Norah Jones, Pat Metheny, Kenny Barron, Ben Harper, Zetak, Elena Setién…
Donostiako Jazzaldiak Abdullah Ibrahim hegoafrikarra, Enrico Rava italiarra eta Yosuke Yamashita japoniarra sarituko ditu aurtengo edizioan, 58.ean, beraien ibilbidea goraipatzeko.
Uztailaren 21etik 25era, 90 kontzertu eskainiko dituzte hiriko 16 agertokitan: Trinitate Plaza, Keler Gunea (Zurriola hondartza), Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Škoda San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Fnac Gunea, Chillida Leku, Kutxa Fundazioa (Tabakalera), Club Aretoa, Nauticool, Garbera, San Martin Merkatua, Irun, Fnac Foruma eta María Cristina Hotela. Emanaldi horietatik 50, gainera, doakoak izango dira.
Programazioan, jakina zenez, hamaika izen handi ageri dira: Norah Jones, Ben Harper, Joss Stone, Pat Metheny, Village People, Abdullah Ibrahim, Kenny Barron, Enrico Rava, Bill Frisell, Tiken Jah Fakoly, Yosuke Yamashita, Fred Wesley & The New JB's, Jerry Bergonzi, Eri Yamamoto, Bamba Wassoulou Groove, Michele Hendricks & Ronald Baker Project...
Eta euskal ordezkariak ere izango dira hiria girotzen, hala nola Zetak, Elena Setién, Arima Soul…
Gainera, Jazzaldia abiatzeko bezperan, uztailaren 20an, Euskorleans proiektuak euskal musika eta dantza, brass bandak eta New Orleanseko jazza uztartuko ditu, Kukai dantza konpainiaren gidaritzapean.