Inaugurazioa
Musika Hamabostaldia, Donostiako txoko guztietan
Hasi da 73. edizioa eta perkusio doinuek hartu dituzte Donostiako kaleak, egunean zehar egiten ari den inaugurazioan.
Hasi dira Donostiako Musika Hamabostaldiko lehen kontzertuak, doakoak hiriko kale eta aretoetan.
Hasi da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 73. edizioa eta ahots eta perkusio doinuek hartuko dituzte Donostiako kaleak, egunean zehar inaugurazio egun honetan. Antzokietan, klaustro eta elizetan, eta hiriko beste hainbat txokotan dituzte eguerdian hasita, Musika Hamabostaldiaren hasierako kontzertuak.
Musikene Perkuenea arduratu da perkusio doinuak ekartzeaz eta ahotsak dira gainerakoak. Orfeoi Txiki, Musika bai, eta Landarbaso abesbatzak alde batetik eta Hallé Orkestra britaniarraren kontzertua hartuko du Kursaalek, inaugurazio egunari amaiera emateko arratseko 20:00etan.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatearen esanetan, ekarpen handia egiten dio musika jaialdi ezagun honek hiriari. Zailtasun ekonomikoak nagusi ditugun garai hauetan ere, Donostiako Musika Hamabostaldiak bere betiko helburuei eusten diela adierazi du Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura Diputatuak. Kalitatea, eta bertako musikariei ere, aukerak eskaintzen jarraitzea dute helburu.
Debussy eta Parisko mende arteko konposatzaileak izango direla 73. edizioko protagonistak eta baita Francisco Escudero maisuaren jaiotzaren mendeurrena ere. Antzinako musikari eskainitako zikloa ere hasi da, Santa Teresa komentuan, arratsaldeko 18:00etan, Easo eskolaniaren eskutik. Gorka Mirandak zuzentzen duen haur abesbatza honek, Germaniar eliz musika eskainiko du, zikloari hasiera emateko.
Irailaren 2ra arte jarraitu ahal izango dira Hamabostaldiko kontzertuak Donostian, eta Gipuzkoako beste hainbat lekutara ere zabalduko da Musika Hamabostaldia.