Omenaldia
Chavela Vargasen errautsak, eztabaidagai
Chavelaren iloba bat omenaldian izan zen eta esan zuenez, bere azken borondatea errautsak itsasora botatzea izan zen eta ez Tepoztláneko mendixkan botatzea.
Chavela Vargasen errautsak non botako dituzten zalantzan gelditu da. Abeslariaren iloba batek errautsak eskatu zituen, bere esanetan Vargasen azken borondatea betetzeko. Pasaden igandean hil zen Chavela Vargas.
Gisela Ávila Vargas, Chavela Vargasen iloba "La llorona" edo "Macorina" abestien interpretearen omenaldian izan zen bere abokatuarekin eta abeslariaren azken borondatea betetzea eskatu zuen prentsa aurrean.
Agiri bat irakurri zuen eta ilobaren arabera, Vargasen azken borondatea errautsak itsasora botatzea izan zen eta ez Tepoztláneko mendixkan botatzea. Chavelaren ahizpa baten alaba da Ávila eta esan zuenez bere azken borondatea "errautsak itsasora botatzea" izan zen, "Veracruz erdian, Atlantikoaren eta Guanacaste itsasoaren artean".
Maria Cortina Chavela Vargasen lagun eta biografoa izan zen eta esan duenez bere azken borondatea errautsak Chalchi mendixkan, Tepoztlán herri mexikarrean, botatzea izan zen. Horretarako datarik ez dagoela esan du gainera. Cortinaren arabera, hori izan zen bere nahia, baina ez duela Chavelaren senideekin borrokan egingo.
Era berean, Cortinak esan du Chavela Vargasek ez zuela dirurik ezta ondasunik utzi: "Chavelak ez zuen dirurik jasotzen diskoengatik". "Bizitza bohemioa eraman zuen eta kontratu txar bat sinatu zuen, eskubide guztiak galduz", hortaz, "ez dago borrokatzeko ezer. Zentzugabea iruditzen zait", adierazi du.