Kontzertuak
Musiketan zikloak 14 kontzertu txiki eramango ditu Baluartera
Peter Hammill, Lou Lesage, China Crisis, eta Lakecia Benjamin Iruñean izango dira zikloaren 20. edizioan.
Musiketan zikloak kalitatezko kontzertuak eramango ditu Iruñeko Baluarte Auditoriora, 2012ko urritik 2013ko maiatzera bitartean. 14 emanaldi izango dira, formatu txikian, eta artista eta publikoa elkarrengandik "hurbil" izatea ahalbidetuko dute.
José Ángel Serrano Producciones Serranoko arduradunak eta Javier Lacunza Baluarteko gerenteak zikloaren 20. edizioa aurkeztu dute.
Peter Hammill, Lou Lesage, China Crisis, eta Lakecia Benjamin Iruñean izango dira, eta, Serranok esan duenez, "musikariak formatu txikian ikusteko aukera" izango da emankizunetan. Haren ustez, horrelako " musikariek ezin dute beren artean txantxarik egin, ez baita beraiek existitzen: bakarlaria eta ezer gutxi gehiago dago".
Zikloaren ezaugarrietako bat da publikoaren eta musikarien arteko hurbiltasuna, eta, gainera, "genero guztiak" eskaintzen ditu. Serranok jakinarazi duenez, "musika estilo guztiek dute tokia". Zikloak kalitatea izatea da helburua, publikoa kontzertuetara gerturatzea, musikaria ezagutzen ez badute ere", adierazi du.
Urriaren 5ean hasiko da zikloa, Peter Hammillen rock progresiboarekin. Hilaren 20an Lou Lesageren indie-rocka izango da. Azaroaren bi kontzertu izango dira: Haight Ashbury (10ean) eta Nervous But Excited (24an).
Tom Russellen country doinuak abenduan helduko dira, hilaren 15ean, hain zuzen ere. Urtarrilean bi emanaldi izango dira, Elliot Murphy, 12an, eta Paddy Keenan, 24an. China Crisis otsailaren 15ean izango da zuzenean.
Martxoaren 2an, Martin Carthyren folk doinuak izango dira Baluarten eta baita Lakecia Benjaminen jazz-soula ere, 16an. Serranok esan duenez, "jaialdiaren ustekabeetako bat izan daiteke". Apirilean Charles Walker (6an) eta Eddie Reader (19an) izango dira.
Azkenik, maiatzaren 4an Kuunkuiskaajat izango da eta 18an Phil Cunningham & Aly Bain izango dira, Musiketan zikloari amaiera emateko.
Kontzertuetarako sarrerak abuztuaren 22an jarriko dituzte salgai. Hilaren 31a baino lehen eskuratuz gero, sarrerak 12 eurotan eskuratu daitezke, irailaren 1etik aurrera, ordez, 13 euroko salneurria izango dute. Kontzertu guztietarako abonoa 120 eurotan erosi daiteke, %29ko deskontua eskuratuz.