Itxi

Irailaren 2ra arte

El Columpio Asesino eta Corizonas, Zarauzko San Miguel Pron

Erredakzioa

Belako, Igloo, Les Bons Vivant eta The Pepper Pots ere arituko dira zuzenean, irailaren 2ra arte.

El Columpio Asesino, Musika Independientearen sarietan. Argazkia: Arigato Comunicación

El Columpio Asesino izango da 2012ko San Miguel Pro jaialdiko kartelburua. Musika, kirola eta kultura uztartzen dituen ekimena abuztuaren 28tik irailaren 2ra egingo dute Zarautzen.

Halaber, Corizonas, Belako, Les Bons Vivants, Nasty Mondays eta The Pepper Pots taldeek hitzorduan parte hartuko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Emanaldi guztiak 22:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa da. Igloo galiziarrek ekingo diote egitarauari abuztuaren 28an, DJ Bonekin batera. Bigarren egunean, Corizonasen txanda izango da. Los Coronas eta Arizona Baby taldeetatik sorturiko proiektuak oso gustora utzi zituen iaz Donostikluba jaialdiko jarraitzaileak.

Penichetik datorren indie estiloko Les Bons Vivantsek hartuko du lekukoa ondoren. El Columpio Asesinok hilaren 30ean eskainiko du kontzertua, eta, jarraian, DJ Vilaxx izango da entzungai.

Abuztuaren 31n, Belako talde mungiarra dator bere proposamenekin. Gazteako Maketa Lehiaketako irabazleak ikusleen eta kritikaren oniritzia jasotzen ari dira nonahi, 80ko hamarkadako doinuak eta egungo indie estiloko rock melodiak uztartuta.

Skate, surf eta snowboard giroan, rock, pop, indie, garage eta electro rock kutsuko jaia proposatuko digute Kataluniatik etorritako Nasty Mondays disko-jartzaileek .

Azkenik, The Pepper Pots bandak emango dio amaiera jaialdiari. Gironarrek bi disko grabatu dituzte sei urteko ibilbidean. Musika eta surfaz gain, kaleko arteak ere tokia izango du Zarautzen, Estatuko ilustratzaile ezagunen eskutik.