Kontzertua
Motxila 21k Txernobyl eta Palestinaren alde kantatuko du, lagunek inguratuta
N. V. | EITB Media
Rock talde nafarrak kontzertua eskainiko du otsailaren 17an Totem Atarrabiko aretoan, alboan dituela Kutxi Romero, El Drogas, Pello Reparaz, Joli Pascualena eta Iker Huitzi eta Olaia Lamata mezzosopranoa, besteak beste.
Motxila 21 Downen Sindromearen Nafarroako Elkarteko 14 gaztek osatutako rock taldeak Ukrainaren eta Palestinaren aldeko kontzertu solidarioa eskainiko du larunbatean, otsailak 17, Totem aretoan, eta emanaldian ondoan izango ditu Kutxi Romero (Marea), Enrique Villarreal 'El Drogas', Pello Reparaz (Zetak), Brigi Duke (Koma), Oihana Fernández (Afu), Joli Pascualena eta Iker Huitzi (Demodé Quartet), Konejo Eseverri (Zopilotes Txirriaos), Marino Goñi, Aarón Romero (Linaje), Mikel Barrenetxea (Motxila 21ren sortzaile eta bateria Tijuana in Bluen…) eta Olaia Lamata.
Sarrerak salgai daude, 11,5 euroko prezioan, Musikaze atarian, El Infiernito guitar shop dendan eta Downen Sindromearen Nafarroako Elkartearen egoitzan. Bildutako diru guztia Chernobil elkarteari eta UNRWAk Palestinan egiten duen lanari bideratuko diote, eta streaming bidez ikusi ahalko da emanaldia.
Motxila 21 taldeak 2024rako dituen hitzordu nagusietakoa izango da larunbatekoa, eta gero etorriko da Mad Cool jaialdian emango duten kontzertua, Pearl Jam, Dua Lipa, The Smashing Pumpkin, The Killers eta Bring Me The Horizonekin batera.
Larunbateko kontzertuaren aurretik, Kutxi Romero Mareako kantariak emanaldi txikia eskainiko du Aarón Romero semearekin batera. 20:00etan hasiko da, ateak ireki baino ordubete geroago.