Donostian
Errusiar doinuak Hamabostaldian, San Petersburgoko Filarmonikoarekin
Erredakzioa
Donostiako Orfeoiarekin batera, eta Yuri Tmirkanov maisuaren gidaritzapean, 'Ivan Izugarria' taularatuko dute. Kursaalen izango da, gaur arratsaldean.
Errusiako doinuekin jantziko dute gaurtik aurrera Donostiako Musika Hamabostaldia, musika eskola horretan nagusi den orkestra handienetako baten eskutik: San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak bi emanaldi eskainiko ditu gaur eta bihar, Kursaalen.
Donostiako Orfeoiarekin batera, eta Yuri Tmirkanov maisuaren gidaritzapean, 'Ivan Izugarria' Sergei Prokofiev konpositorearen lana taularatuko dute astelehen honetan, 20:00etatik aurrera.
Orkestra batek interpretatzeko lana da, narratzaile, mezzo-soprano eta baritono banarekin batera. Konpositoreak Sergei Einstein zuzendariaren izen bereko pelikularen soinu-bandarako sortutako musika oinarri hartuta egindako lana da.
1547 eta 1584 bitartean Errusiako Ivan IV.a tsarraren bizitza du pelikulak hizpide, eta bi ataletan estreinatu zuten, biak Prokofieven musikarekin: lehena 1942an eta bigarrena 1945ean (Stalinek ez zuen azken hau gogoko izan, eta ez zen 1958a arte berriz ere pantailetara itzuli).
Bigarren hitzordua, asteartean
Hilaren 28an egongo da berriz ere San Petersburgoko Filarmonikoa Kursaalen ikusteko aukera. Rimski-Korsakov eta Txaikovski konpositoreen lanekin batera, 'Biolinerako 1. Kontzertua' Bruchen lana entzuteko aukera ere egongo da bigarren emanaldi horretan.