Itxi

57 urte zituen

'Maestro Reverendo' hil da, 'Gran Wyoming'en piano-jotzailea

Erredakzioa

Angel Muñoz-Alonso musikari madrildarra ostiral honetan zendu da. Besteak beste, Miguel Rios, Siniestro Total eta Los Ronaldos musikari eta taldeekin ere egin zuen lan.

'Maestro Reverendo' (2005ko artxiboko irudia. EFE)

Maestro Reverendo ezizenarekin ezaguna zen Angel Muñoz Alonso musikari eta konpositore madrildarra hil da ostiral honetan, 57 urte zituela. 20 urtez Gran Wyoming ezagunaren lankidea izan zen.

Wyomingen ikuskizunei musika jartzeagatik egin zen bereziki ezagun, baina konpositorea eta estudioko musikaria ere bazen, eta hainbat talde eta artistarekin aritu zen elkarlanean. Besteak beste, Miguel Rios, Siniestro Total eta Los Ronaldos artista eta bandekin egin zuen lan.

Moncho Alpuenterekin batera, Desmadre 75 taldean hasi zen, eta ''Saca el güisqui cheli" doinu ezagunarekin ekin zion musika ibilbideari.

Gran Wyomingekin Paracelso sortu zuen ondoren, eta hor abiatu zen 20 urteko lankidetza harreman oparoa. Espainian barrena elkarrekin ibili ziren, eta Madrilgo Luna kaleko La aurora taberna mitikoan ere ikuskizun egonkorra zuten.

Zinemarako eta telebistarako hainbat soinu banda sortu zituen, tartean Se infiel y no mires con quien, La mujer de tu vida eta Un paraguas para tres lanetarako.

''Caiga quien caiga'' telebistako saioak egin zuen bereziki ezagun, eta, Wyoming-ekin batera "El peor programa de la semana" eta "La azotea de Wyoming" saioetan ere egon zen.

2003tik Galizian zen, bizitza publikotik aldenduta.