2024/2025
Schubert, Mahler, Scriabin, Pascual Aldave eta Beatriz Arzamendi, Euskadiko Orkestraren hurrengo denboraldian
N. V. | EITB Media
"Kontrastea eta araoa" leloa izango da Euskadiko Orkestraren 2024/2025 denboraldiaren goiburua. Irailaren 27an hasiko da, Bilbon, eta ekainaren 5ean bukatu, Donostian. Guztira, 50 kontzertu izango dira.
2023/2024 denboraldia bukatzeko abonuko kontzertu bat gelditzen bada ere ("Dutilleux / Strauss", ekainaren 3tik 7ra), Euskadiko Orkestrak 2024/2025 denboraldia aurkeztu du gaur, Miramongo egoitzan.
Irailaren 27an hasi eta ekainaren 5era arte, hamarna kontzertu egingo ditu Orkestrak Bilbon, Donostian (bina saioa, programa bakoitzeko), Gasteizen eta Iruñean.
Gasteizko kontzertuak Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango dira denboraldi honetatik aurrera, Principal antzokia itxita egongo baita, zaharberritze lanak tarteko. Lekualdaketaren inguruko guztiak zehazteko lanetan ari da Orkestra egun.
Emanaldiotan, "Kontrastea eta araoa" lelopean, denetariko konpositoreen lanak izango dira entzungai: Schubert, Mahler eta Brahms klasikoak; Scriabin, Szymanowski eta Schoenbert orain arte Euskadiko Orkestrak landu gabekoak; eta Pascual Aldave lesakarra eta Beatriz Arzamendi arrasatearra.
Hain zuzen ere, Aldaveren Akelarren"obra erraldoia" joko du orkestrak lehen abonu programan, nafar konpositorearen jaiotzaren urteurrenean, Mahlerren 9. Sinfoniarekin batera. Irailaren 27an (Bilbo), 30ean (Gasteiz) eta urriaren 1ean (Donostia), 2an (Donostia) eta 4an (Iruñea) izango da.
Orkestrako musikariek zazpi zuzendari, zortzi solista eta bi abesbatza izango dituzte lagun, besteak beste Robert Treviño lau programatan, Juanjo Mena eta Kirstiina Poska zuzendariak; Kari Kriiku klarinetean, Cristoph Sietzen perkusioan eta Pinchas Zukerman biolinean; eta Iruñeko Orfeoia eta Suhar Korua.
Ekainaren 7an, Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarrari eskainitako grabazio bat kaleratuko du, eta irailean Richard Straussen Macbeth, poema sinfonikoa eta Sinfonia domestikoa grabatuko ditu, Ondine etxearekin kaleratzeko.
10 kontzerturako abonuen prezioa 80 eta 235 euro artekoa izango da, eta uztailaren 1etik aurrera egin ahalko dira erreserbak.
Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera Orkestraren webgunean eta auditorio eta leihatilen webguneetan, 10 eta 40 euro arteko prezioan. Gasteizko sarreren ingurukoak aurrerago zehaztuko dira, aipatutako lekualdatzea dela eta.