Itxi

Kontzertuak

Abian da Bilbo Hiria 24. Pop Rock Lehiaketa

18 eta 35 urte bitarteko musikariei zuzenduta dago eta ostegunean hasiko da Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan.

Bilborock aretoa. Argazkia: bilbao.net

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko Gazteen Gaietarako Zerbitzuak antolatzen duen Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketaren 24. edizioa ostegun honetan, irailaren 13an, hasiko da, Bilborock aretoan, sailkapen-faseko kontzertuekin.

Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osatutako musika taldeentzat da, laguntza emateko eta euren lanak zabaltzeko. Era berean, Estatuko eta atzerriko beste talde batzuekin partekatzen dute oholtza. Hiru modalitate daude: Pop Rock, Metal eta Beste Joera Batzuk.

Izena emateko fasean 597 talde onartu dira lehiaketaren edizio honetan parte hartzeko: 385 talde Pop Rock modalitatean, 149 Metal atalean eta 63 talde Beste Joera Batzuetan. Iazkoarekin alderatuta, 56 talde gehiago aurkeztu dira. Taldeen jatorriari dagokionez, nabarmentzekoa da 142 talde Euskal Herrikoak direla, eta horietatik 67 Bilbokoak; 18 talde atzerritik datoz.

Epaimahaian musikaren arloko espezialistak egongo dira, eta Bilborock aretoan ostegun honetan hasita zuzenean arituko diren 40 taldeak aukeratu ditu. Era berean, sailkapen-fase honetan, epaimahai espezializatu honek profesionalak ez diren baina musikarekin lotuta dauden gazteen eta kontzertuetara doazen ikusleen laguntza edukiko dute.

Beste edizio batzuetan egin den moduan, kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa da. Hauek dira sailkapen-faseko kontzertuen datak: Pop Rock atalekoak, irailaren 13, 20 eta 27an, eta urriaren 4, 11, 18, 25 eta 26an; Metal atalekoak, irailaren 21 eta 28an, eta urriaren 5, 12 eta 19an; eta Beste Joera Batzuk atalekoak irailaren 14an.

Gainera, asteazken honetan, girotzen hasteko, Melon Tree talde bizkaitarrak -iazko edizioan sailkatu zenak- kontzertua emango du Fnac dendaren Forumen, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.

Bestalde, berritasun modura, aurten App bat garatu da interesa daukatenek kontzertuetako programa eta taldeen informazio guztia jaitsi dezaten Android smartphoneetara.

Aukeratutako taldeek finaletan arituko dira, eta modalitate bakoitzeko finalak azaroan izango dira: Beste Joera Batzuk atalekoa azaroaren 8an, Metal atalekoa 9an eta Pop Rock ataleko 10ean.

Sariei dagokienez, Pop Rock eta Metal ataletako irabazleek 5.000na euro jasoko dute, bigarrenek 2.500na euro eta hirugarrenek 1.000na euro. Beste Joera Batzuk ataleko talde irabazleak 2.700 euro lortuko ditu. Era berean, 1.000 euroko balioa daukan saria emango zaio lehiaketan ustekabeko maila eman duen talde gazteari.