Diskoa
Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkorekaren disko monografiko bat argitaratu du
N. V. | EITB Media
Juanjo Mena, Asier Polo, Alfonso Gomez eta Carlos Mena artistak Euskadiko Orkestrarekin aritu dira bilbotar konpositorearen hiru lan grabatzeko. Ondine zigiluak argitaratu du lana.
Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkoreka bilbotar konpositorearen lana jaso du disko monografiko batean, Ondine Finlandiako diskoetxearen eskutik.
Ekaitza, Piscis eta Tres sonetos para Michelangelo lanak dira Euskadiko Orkestrak grabatutakoak, eta hiru bakarlari izan dituzte musikariek ondoan diskoa ontzeko, Erkorekak doinuok idazteko orduan buruan izan zituen beroriek: Asier Polo, Alfonso Gomez eta Carlos Mena. Haiek estreinatu zituzten, eta haien interpretazioekin erregistratu ziren 2023ko abuztuan, Miramonen.
Asier Polo biolontxelorako Ekaitza kontzertuaren burua izan da; Alfonso Gomez, berriz, pianorako Piscis kontzertuarena; eta Carlos Mena, Tres sonetos para Michelangelo laneko ahotsa.
Proiektuaren musika-zuzendaritzaz Juanjo Mena maisu gasteiztarra arduratu da, eta Ondine finlandiar etxeak merkaturatu du diskoa.