Itxi

22. edizioa

Azkena Rock Festivalek utzi dizkigun zortzi izen

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Ostegun, ostiral eta larunbatean, 50.000 sartu-irten izan dira guztira Gasteizko rock jaialdiaren 22. edizioan.

Josh Homme (Queens of the Stone Age), Mendizabalako kontzertu itzelean. Argazkia: Oscar L Tejeda.

Lau agertoki, hiru gau, 50.000 bisitari, hirurogei talde eta bakarlari baino gehiago kartelean… Baina, zenbakiak ez ezik, Azkena Rock Festival Gasteizko jaialdiaren 22. edizioak hainbat izen ere utzi ditu rockzaleen buruetan.

Queens of the Stone Age

Josh Hommeren taldeak hankaz gora jarri zuen Mendizabala ostiraleko kontzertuan, eta rockaren estandarrak berretsi zituen: iaiotasun musikala (ikustekoa eta entzutekoa da Jon Theodoreren, Michael Shumanen, Troy Van Leeuwenen eta Hommeren beraren maila; azken horren frontman jardun berdingabeak gitarrista gisa duen balioa estaltzen du zenbaitetan), kantu paregabeak (batzuek esango dute zale berriengana bideratuegi egon zela errepertorioa, eta klasiko batzuk falta izan zirela), soinu bikaina (are ikaragarriagoa Songs for the deaf disko funtsezkoaren kantuak jo zituztenean, abesti horiek do doinuan afinatuta, errepertorioko gainerako aleak baino baxuago, jotzen dituztenez), jarrera egokia, gertatzen den guztiaren gaineko kontrola eta ikusgarritasuna (argi dotoreak, musikari laguntzen, besterik ez).   

Troy Van Leeuwen eta Josh Homme, ostiralean Mendizabalan. Argazkia: Oscar L Tejeda

Inork galdetuko balu nolakoa izan behar den 2024an rock kontzertu handi bat, Mendizabalara eramango nuke, larunbat goizaldeko 00:20ra. Egun, Erdi Aroko erreginek ondo merezita dute rock talde handietan onenaren tronua.

Jane's Addiction

Queens of the Stone Agek baino nagusitasun gutxiagoz (Perry Farrellen ahotsa ez da garai batekoa) bada ere, Los Angelesko taldeak kontzertu azpimarragarria eskaini zuen jaialdiaren lehen gauean, berori sortu zuen laukotearen eskutik.  

Dave Navarro, Eric Avery, Stephen Perkins eta Farrell bera rock alternatiboa deritzon horren aitzindari gisa dagokien ospearen mailan aritu ziren Gasteizen.

Whispering Sons

Zoritxarrez euriak dirdira apur bat kendu bazion ere, belgikarren kontzertuak agerian utzi zuen taldea jaialdiaren edizio honetako ezusteko ederrenetakoa izan dela, eta askoren eta askoren erreprodukzio zerrendetara lerratu dira dagoeneko, seguru.

Fenne Kuppensen ahotsak gidatuta, zaporeko malenkoniatsuko bere post punk ilunaren arrastoa utzi zuen taldeak Gasteizen. Ea berandu baino lehen etortzen diren The great calm diskoa areto batean aurkeztera.

Whispering Sons. Argazkia: Jordi Vidal.

Redd Kross

Talde perfektua, une perfektuan. Garagea eta rocka lelo itsaskor eta alaiekin uztartzen dituen formulak bultzada handia eman zion ostiral arratsaldeko giro eguzkitsuari.

Redd Kross. Argazkia: Paco Poyato.

Jeff (gitarra eta ahotsa) eta Steve (baxua, Off!en eta Melvinsen ere aritutakoa) Mc Donald anaiek gidatzen duten kaliforniar taldeak koska bat gorago altxatu zuen giroa, kantu ederren bidez. Lehen diskoa 1982an kaleratu zuen taldeak kantu klasikoak eta ekainaren 28an argitaratuko duen diskoaren aurrerapenen batzuk nahasi zituen.  

Mavis Staples

Whispering Sonsen proposamenaren ia kontrakoarekin (hori da jaialdietako alderik politena), Mavis Staples mito handiak funk, blues eta soul lagin paregabea utzi zuen larunbatean, nola ez, Respect agertokian.

Mavis Staples. Argazkia: Jordi Vidal.

Ahots teknika eta eztarriaren kontrol bikaina erakutsi zituen, talde oso sendo batek lagunduta. Kontzertu gogoangarria.

Ezpalak

Zestoar taldeak eskatu ahal zaiona eta gehiago eman zuen ostiralean, Love agertokian, 18:00etan eguzkia aurrez aurre zuela. Jarrera ernez eta soinu garbiz, laukoteak gero eta jende gehiago erakarri zuen kontzertuak aurrera egin zuen ahala, rock kantagarriz eta indar punkez.

Juanjo Berasain (Ezpalak). Argazkia: Jordi Vidal.

Estudioko hiru disko eta zuzeneko bat, eta ostiralekoa bezalako kontzertuak, publikoa lagun duela "Itzala" kantu biribila kantatzen, esaterako; taldeak eman duenari hurbiltzeko zein egingo duenari adi jarraitzeko argumentu sendoak dira.

Lisa & The Lips

Andrea Maria Zuriaren plazako kontzertuak dira Azkenaren proposameneko alderik baliotsuenetako bat. Horren jakitun, antolatzaileek Lisa & The Lips talde indartsuaren doako kontzertua paratu zuten Gasteizko erdigunean, eta The Bellrays taldeko abeslaria buru duen taldeak hiri osoa jarri zuen dantzan.

Lisa & The Lipsen goizeko saioa, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: Paco Poyato.

Publikoa

Jaialdiaren ondareko elementurik estimagarrienetakoa, estimagarriena ez bada, publikoa da. 50.000 lagunek gozatu dute aurten ARFz, eta berriz ere jantzi dute jaialdia nortasun rockzale eta melomanoz (eta azken hau, musikarako maitasuna, ez da beti izaten jaialdietako publikoaren ezaugarririk behinena).

Ostiralean joan zen jende gehien, eta jendearen joan-etorria nabarmena izan zen tarteka, baina, sold out dontsutik gertu egonagatik, eroso egoten zen kontzertu esparruan, eta garbi-garbi egon ziren komunak eta ganerako espazio guztiak.

2025eko zita ekainaren 19, 20 eta 21era dago jarrita.

Foto: Paco Poyato.