Itxi

Osteguna

Massive Attackek trantzean murgildu du Kobetamendi

Natxo Velez | EITB Media

Bristolgo taldeak kontzertu zoragarri, zirraragarri, pizgarri eta hipnotikoa eskaini du bart, Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen egunean.

Kobetamendi, bart. Argazkia: David Recio.

Oraindik erraiak dantzan dituela esnatuko zen baten bat gaur, Massive Attack taldeak bart Kobetamendiko agertoki nagusitik zabaldutako grabeak hain ziren sakonak; burmuinak ere biraka jarraituko du batzuen kaskoan, ordu eta erdiko emanaldian trip hoparen aitzindariek proposatutako ideiek xaxatuta; eta bihotza airean ibiliko dira asko, musikaren hizkuntza primarioak bart esnatutako sentimenduen doinura dantzan.

Ordu eta erdi pasatxoko zeremonia artistiko eta politiko ikusgarri eta kitzikagarrian (arte adierazpen oro da politikoa, esaten duenagatik edo esaten ez duenagatik), ihesbide erritmikoa (oinarri erritmiko noiz ilunak noiz arin eta biziagoak) eta kontzientzia(zio) politikoa uztartu ditu Massive Attackek. Baxuak, gitarrek, bi bateriak, teklatuak, oinarri elektronikoak eta sintetizadoreak ezarritako oinarri musikalari ikuskizun bisual apartak lagundu dio, eta musikarien atzealdeko pantaila erraldoian ugari irakurri dira, ia erabat euskaraz, gerraren aurkako mezuak, palestinarren deuseztapenaren aurkakoak –"Porrota barkagaitza izango da", aldarrikatu zuten– eta konspiranoien aurkako kritika ironikoak –"Susmoa beste kontrol era bat da"–.

Argazkia: David Recio.

Britainiarrek 23:00etan abiatu dute emanaldia, puntualtasun osoz, eta, ohi dutenez, mikrofonotik bata bestearen atzetik pasatu dira Horace Andyren jamaikar jitea ("Angel"…), Elizabeth Fraser Cocteau Twinseko kide ohiaren kristalezko ahots hunkigarria ("Song to the siren" Tim Buckleyren kantuaren bertsioan, zeina John Frusciantek ere egokitu baitzuen, eta "Teardrop" bikain batean, kontzertuaren azken txanpan, euria gaualdiari epika gehitzen tematu zen unean) eta Deborah Miller, apart "Unfinished sympathy"n. Young Fathers eskoziar taldearen kolaborazio indartsua ere nabarmendu da, kontzertuaren lehen herenean.

Maila estilistikoan sofistikatua izanagatik maila ideologikoan lurtar eta argia izan den ariketa artistikoarekin poz-pozik (zer gehiago eska dakioke bere garaia irakurri, ikuspegi hori edertasunaren kontzepzio propioaren iragazkitik pasatu eta emaitza jendarteratzen duenari?), etxerako bideari ekin diogu, euriari ihesi, Los Planetasek Super 8 diskoaren hiru hamarkadak nola ospatzen zituen eta The Prodigyk ostera ere Kobetamendi dantzaleku basati nola bihurtzen zuen ikusi barik.

Alabaina, Massive Attacken kontzertuaren aurretik, AIR frantsesek San Miguel agertokian eskaini zuten emanaldia ere ikusi genuen. Moon safari 1998an argitaratutako diskoa berreskuratu zuen, Bilboko emanaldi berezian, eszena elektronikoa berrasmatu zuen bikoak.

AIR. Argazkia: David Recio.

Zuriz jantzita eta efektu bisual ederra osatzen zuen egitura plastiko baten atzean paratuta, hirukoak (Jean-Benoît Dunckel eta Nicolas Godin teklatuetan, sintetizadoreetan, baxuan eta gitarran, bateria-jotzaile oso trebe batek lagunduta) diskoko ordena berean aletu zituen kantuok, eta bide egin zieten, horrela, erritmo bareetan bermatzen diren melodia popetan, baxuak gidatuta.

Ausikiari baino gehiago dastatzeari begira taularatutako proposamena indarra galtzen joan zen kontzertuak aurrera egin zuen ahala, baina ezinezkoa da errepertorioa orekatzea, zure lehen lau kantuen artean "Sexy boy", "Kelly watch the stars" edo "La femme d'argent", diskoa abiatzen duena, daudenean. Nor ez zen bizitzen geldituko azken horren baxu lerroan?

Eguna dezente lehenago hasi zen nolanahi den, iragarritakoa baino ordu erdi lehenago, antolatzaileak ateak beranduago ixtera behartu zituen arazo tekniko baten ondorioz. Ezusteko horrek distira kendu zien Neska DJ Amsterdamen ezarritako gasteiztar musikari elektronikoak Basoa eremu huts batean eman zuen kontzertuari eta Martin de Marte zarauztar taldeak Beefeater karpan eman zuenari. Azken horrek, ordea, bizi-bizi jo zituzten soulak eta funkak zipriztindutako beren kantu indartsu eta bizizaleak. Irrikaz itxarongo diogu Ze ondo! irailean kaleratuko duten diskoari.

Martin de Marte. Argazkia: Silvia Maidagan.

El Buen Hijo madrildar boskotea izan zen jaialdiaren lehen eguneko publiko goiztiarrenari nagiak ateratzen lagundu zion beste bat. Alicia Rosek (baxua eta ahotsa, Cariño hirukotean ere) eta Marco Friasek mikrofonoa txandakatzen zutela, sen melodiko oso garatuak gidatutako kantu errenkada gustagarria oparitu zien taldeak bertaratutakoei. "En un lago" single pop biribilak eta "Antes era campo todo esto" kantu berriak koska bat altxatu zuten jaialdiaren intentsitate maila.

El Buen Hijo. Argazkia: Aliron Studio.

Seme onarengandik aitarengana, Newdad irlandar taldeko kideengana, joan ginen berehala, Firestone agertokitik Txiki agertokira dauden 30 metroak ibilita. Belar artifizialaz atonduta eta musikarien atzean Arraiz mendia gailentzen dela, txoko zoragarria eskaintzen du espazio horrek, eta galwaytarrek elbuenhijotarrek baino bisaia ilunxeagoa erakusten zuten pop kantuak eskaini zituzten, The Cureri asko zor diotela lotsarik gabe erakutsita (Robert Smithen taldearen bertsio bat ere egin zuten).

Newdad. Argazkia: Silvia Maidagan.

Shinova bizkaitarrek Bilbao BBK Liven estreinakoz jotzeko ere balio izan zuen aurtengo jaialdiaren lehen egunak. El presente disko berri arrakastatsuan oinarrituta –"Alas" eta "Gloria" kantuekin hasi ziren–, boskoteak jaialdi gehienetara (SanSan Festival, Warm Up, Toledo Beat, Mexikoko Sonoramex, Palencia Sonoran… egon dira, udaberri honetan soilik) eraman duen formula irabazlea aurkeztu zuen, eszenografia landu baten babespean: erritmo eteneko estrofak eta oihuka kantatzeko leloak, elektronika ukitu delikatuek lagunduta. "Emozioa eta intentsitatea" agindu zizkiguten, eta hitza bete zuten.

Shinova. Argazkia: David Recio.

Musika bi egunez entzungo da oraindik Kobetamendin, baina hemendik aurrerako kartelburuek ez dute erronka makala izango: Massive Attackek bart emandako kontzertua berdindu.