Bira
Fermin Muguruzak Anoetako kontzerturako aforoa handitu du
N. V. | EITB Media
Ekainaren 14ko kontzerturako 25.000 sarrera saldu dituzte dagoeneko, eta 10.000 txartel gehiago jarri dituzte salgai, goiko eraztunean. Gaualdi horretan DAM palestinar rap taldeak parte hartzea nahi dute.
Fermin Muguruza musikariak 40 urteko musika ibilbidea ospatzeko egingo duen bira gero eta gertuago dago. Datorren hilean abiatuko da, abenduaren 17an Biarritzen eta 20 eta 21ean Bilbon, eta kontzertu errenkada horren data nagusietako baten inguruko berritasunak iragarri dituzte gaur, Bidasoa 2018-2023 Irungo musikariaren dokumentalaren CD + DVD bertsioa aurkezteko agerraldian.
Tour horren barruan ekainaren 14an Anoeta estadioan emango duen kontzerturako aforoa handitu dute, 25.000 sarrera saldu eta gero, eta 10.000 txartel gehiago daude eskuragarri, hortaz, zita horretarako. Goiko eraztuneko eserlekuei dagozkie sarrerok, eta 38,50 euroko prezioan salduko dira.
Gainera, Fermin Muguruzaz gain, Niña Coyote eta Chico Tornado, Deskontrol eta Bad Sound System taldeak ere arituko dira ekainaren 14an Donostiako estadioan. Halaber, ahaleginak eta bi egingo dituzte, ageriko zailtasunak gorabehera, DAM palestinar taldeak ere kontzertuan parte hartu ahal izan dezan.