Agur kantagintzari
Benito Lertxundi, herri baten ahotsa
Natxo Velez | EITB Media
Orioko Bardoak, euskal musikagintza eta herri kultura modernoen zutabe nagusietako batek, kantaldiak egiteari eta diskoak argitaratzeari utziko diola iragarri du, 82 urterekin. Haren ahotsaren oihartzuna funtsezko elementua da euskal jendartearen gogo-muinetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Benito Lertxundi Esoain musikariak (Orio, 1942ko urtarrilak 6) bukatutzat eman du kantagintzan egin duen bide oparoa: Gernika zuzenean zuzeneko diskoak itxiko du 1960ko hamarkadaren akaberan hainbat singlek zelaitu eta gerora hamaika kantu eta disko oinarrizkok letra larriz marraztu eta sendotu duten bide sendoa.
Hogei bat urte zituela hasi zen musika jotzen Benito, lantoki zuen erloju dendaren dendaostekoan, atsedenaldietan, Cliff Richards, Elvis Presley eta gustuko beste hainbat artista imitatzen eta haien kantuak euskarara ekartzen. Gero, Ez Dok Amairu kultur talde abangoardistan aritu zen, Mixel Labégueriek abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren lorratzean, Artze anaiekin, Nestor Basterretxearekin, Lourdes Iriondorekin, Jose Angel Irigarayrekin, Mikel Laboarekin eta Xabier Leterekin batera, besteak beste, Jorge Oteizaren ideiek akuilatuta.
Hain zuzen ere, Ez Dok Amairu izenburua jarri zion Benito Lertxundik bere bigarren diskoari, haren izenez argitaratutako ordura arteko singleen konpilazioaren ("Gure bide galduak", "Loretxoa"…) jarraipenari, eta bertan bildu zituen, berbarako, euskal memoria kolektiboan gaurdaino iraun duten bi abesti ere: "Zenbat gera", Abel Muniategiren hitzekin, eta "Urak dakarrena", Jose Angel Irigarayren hitzekin.
1974an, Oro laño mee batek diskoa iritsi zen, besteak beste "Oi lur, oi lur" kantua, Lizardiren "Bultzi leihotik" poema musikatua, zekarren bilduma, eta haren atzetik ...eta maita herria, üken dezadan plazera (1975, "Atharratzeko gazteluko kanta", "Maria Solt eta Kastero"…), Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977, "Oi Zuberoa" eta "Bizkaia maite" Jose Angel Irigarayren testuekin…), Altabizkar/Itzaltzuko bardoari (1981, "Oi Ama Eskual Herri", "Nire herriko neskatxa maite"…).
Hurrengo diskoan, apaldu egin zen nolabait 70eko hamarkadako eta 80ko hamarkada hasierako diskoen epikotasuna, eta intimismora jo zuen gehiago Lertxundik Gaueko ele ixilen baladak lanean (1985).
Mauleko bidean eta Pazko gaierdi ondua diskoek isilaldi luzea ekarri zuten 1990eko hamarkadan, Martin Irizar Benito pianoan laguntzen zuen musikaria istripuz hil zen tartean, eta Hitaz oroit diskoaren ondoren (1996, "Udazken koloretan", "Baldorba"…), Auhen sinfonikoa lana etorri zen, Benito Lertxundik Euskadiko Orkestrarekin grabatutako diskoa. Enrique Ugartek moldatu zituen "Baldorba", "Txori ttikia", "Oi Zuberoa" "Bizkaia maite" eta Lertxundiren eta euskal adierazpenaren beste hainbat klasiko orkestra osorako.
Nire ekialdean (2002), Itsas ulu zolia (2008), Oroimenaren oraina (2012) eta Ospakizun gauean (2018) estudioko diskoak iritsi ziren gero, eta, ibilbide osoan, sariak ugari: Sabino Arana saria, Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina, Durangoko Azokaren Argizaiola saria, Gipuzkoako Urrezko Domina eta Adarra saria, adibidez.
Oroz gain, halere, sortzaile batek eskura dezakeen sari handiena jaso du Lertxundik aspaldi dela: bere ahots grabeaz kantatutako doinuetako asko herri bat mamitzen lagundu dute, eta hori betiko geldituko da hor, isiltasunera erretiratzeko erabakia gorabehera.
Benito Lertxundi, 2023an Gernikan. Argazkia: Haziberri.
"Zergatik utzi kantatzeari" Pete Seeger estatubatuar kantautorearen abestiaren euskarazko bertsioan kantatu zuen Benitok berak, Nere ekialdean diskoan:
"Nere bizitza, munduko arranguren
gainetik, amaiezinezko
kantu batean, airos doa
nere bizitzako kantu batean"