Biraren amaiera
Fermin Muguruzak Iruñean eskainiko du bere azken kontzertua
EITB Media
Musikari irundarrak "Biba Zuek" ETB1eko saioan iragarri duenez, Nafarroa Arenan izango da kontzertua, 2025eko urriaren 4an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fermin Muguruzak Iruñean eskainiko du 40 urteko ibilbidea ospatzeko abiatuko duen biraren azken kontzertua, musikari irundarrak berak ETB1eko "Biba Zuek" saioan iragarri duenez.
Azken kontzertuaren data ezaguna zen jada, 2025eko urriaren 4a, baina ez lekua. Azkenean, Nafarroa Arena pabiloian izango da. Iruñean, hain justu, ospatu zuen Kortatu taldeak "Azken Guda Dantza" kontzertu mitikoa, 1988an.
Sarrerak abenduaren 17an jarriko dituzte salgari, muguruzafm.eus webgunean.
Hain zuzen ere, Muguruzaren nazioarteko bira Biarritzen –duela bost urte hil zen Iñigo Muguruzaren kontzertu-omenaldian– hasiko den egun berean jarriko dira sarrerak salgai. Horren harira, Muguruzak aurreratu du "sekulakoa" izango dela eszenatokietatik egingo duen agurra.
"Argi neukan nire azken kontzertua euskaldunon 'Hiri Buruzagian' egin nahi nuela, politikoki, emozionalki eta nortasun aldetik horrek duen pisuagatik ere. Mundua zeharkatuko duen birari 'agur' esateko modu polita izango da etxean bukatzea, hainbeste babestu nauten milaka zaleen aurrean", adierazi du artistak.
Muguruzaren kontzertuaren aurretik Hofe musikari iruindarrak joko du, 'Hofe x 4:40' proiektuarekin. Muguruzak eta Hofek harreman estua dute aspalditik, eta festara gehitzeko gonbita luzatu dio lehenengoak azkenari. HOFE x 4:40 Igotz Mendez (Hofe) abeslariak eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech (4:40) ekoizleek osatzen duten proiektuaren izena da.