Elkarrizketa

Lisabö: "Ahalik eta kontsekuenteen izaten saiatzen gara, baina ezeren bandera izaten saiatu gabe"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Post rock lakar, poetiko eta trinkoko taldeak "Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte" diskoko birako azken kontzertua egingo du gaur Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan. Karlos Osinaga "Txap" taldekidearekin hitz egin dugu horren aitzakian.

lisabö. Argazkia: Rafa Rodrigo. lisabö. Argazkia: Rafa Rodrigo.

lisabö. Argazkia: Rafa Rodrigo.

Kito. Bukatu da Lisabö taldeak 2018an Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (bIDEhUTS) diskoa argitaratuta abiatu zuen zikloa, Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte (bIDEhUTS, 2023) bilogiako bigarren diskoaren lorratzean egindako birako azken kontzertuak gaur, ostiralarekin, itxiko duena.

Arabako hiriburuko Jimmy Jazz aretoan dago jarrita zita (21:00, + Inoren Ero Ni). Orduan jarriko du martxan Irungo taldeak, denbora batez azkenekoz, bere eraiste bola sonikoa. Lisabözale prestuak tarte batean atzenengo aldiz jasoko du gaur, ostiralarekin, agertoki gaineko seikotearen laztan zaratatsu eta latz baina indargarria.

Karlos Osinaga Txap taldeko gitarrista eta abeslariarekin hitz egin dugu emanaldi horren atarian, taldea honaino ekarri duen bideaz eta soinu erauntsia finitu eta, entzulearen gogoan gertatzen den bezala, inarrosaldiaren osteko haize leunak dena beste modu batera kokatutakoan etorriko denaz.

Nola joan da diskoaren aurkezpen bira, Tolosan 2023ko abenduan abiatu zenutenetik?

Bira bati ekiten diozun bakoitzean, edozein talderi gertatuko zaion bezala, zalantza eta galdera ugari jartzen dira mahai gainean: nola funtzionatuko duen, publikoaren eta antolatzaileen aldetik interesa egongo al den oraindik…

Zorionez, lehen aurkezpen kontzertuak egin ondoren, oso pozik hartu genuen jendearen harrera ona. Askotan, disko bat aurkezten duzunean, sormen prozesutik kontzertuak eman arte badago denbora epe bat, batzuetan luzea izaten dena. Tarte horietan, zaila izaten da feedbackik eza. Galdu egiten zara, eta iparra galtzeko arriskua egoten da. Orduan, kontzertuek sentsazio horiek sinkronizatzeko balio izaten dute, eta horrela, kasu honetan, ezin hobea izan zen hasiera.

Hortik aurrera, ezagutzen ditugun hainbat lekutan errepikatzeko aukera izan dugu, baita oraindik bisitatu ez ditugun batzuk ezagutzekoa ere: ohiko lagun jendea ikusi, jendea ezagutu… Sari hori asko baloratzen dugu beti.

Bira nekagarria izan da, hainbat arrazoi direla medio, baina, zorionez, egin nahi genuena osatu ahal izan dugu, gutxi gorabehera.

lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte by Lisabö

Zer gorputzaldirekin egiten zaio aurre bira baten azken kontzertuari? Zer emozio, gogoeta, gogo eta bertigo daude emanaldiaren aurrean?

Bada, galderak erantzun guztiak dakartza, baldintza guztiekin. Aurrekoan esan genuen bezala, bira zaila izan da. Tarteka, une delikatu samarrak igaro ditugu, gauzak dezente zaildu dituztenak, baina geure buruarekin eta datak itxi genituen jendearekin genituen konpromiso guztiak bete ahal izateak motibazio handia eman digu.

Horrek neke psikologiko eta emozional handiagoa eragiten du, eta, nolabait, atseden hartzeko beharra dago. Aitzitik, badakigu atseden hartzen den bakoitzean adi egon behar dela. Buru, bihotz eta bizitza desberdineko taldea gara. Egoera bakoitza berezia da, eta denbora igarotzea bera eta horrelako geldialdiak egitea kontu delikatuak izaten dira. Dena dela, horrelako bidea metatu duen banda batean zaintza edo arreta maila jaisten baduzu, askoz zailagoa izaten da gero erritmoa berreskuratzea. 

Hori da teoria. Esaten duzun bezala, beti dago isuria, emozioak eta abar. Baina gehien nagusitzen dena, benetan, kontzertuko uneaz gozatzea da; benetan, topikoaz haratago.

Zer eskatzen diozue Lisabören kontzertu bati, bukatutakoan aseta gelditzeko?  Zein da gutxieneko negoziaezina zuen emanaldi batean?

Ba, begira. Galdera ona! Uste dut denok oso ados gaudela horretan. 

Beti "izorratzen" gaitu akatsak, batez ere ondo atera behar zuen eta kontzentrazio faltagatik ondo ateratzen ez den zerbaitek eta horrelakoek. Baina garrantzitsuena atmosferan murgiltzeko gai garen uneak, pasarteak, lortzea izaten da. Musikak berak, kontzertuaren giroak, jendearekiko interakzioak une hori modu bakarrean ulertarazten digute. 

Zorionez, gertatu egiten da, batzuetan besteetan baino modu beteago eta osoagoan. Hori da magia.

Alde teknikoa zaintzen saiatzen gara, noski, baina esan dezakegu bigarren plano batean uzten dugula beste horren aurrean.

Lisabö. Argazkia: Rafa Rodrigo.

Funtzionamendu ezohiko samarra daukazue, "industria"ren ohiko tempo bizkorretatik urrun; bIDEhUTSekin argitaratzen dituzue lanak, eta zuen diskoak ez daude, esaterako, Spotifyn. 

Deigarriena da hori hain deigarria izatea. Ohiko joera hori dela jakinda, bitxia da hainbeste gogoeta egitea. Egiten dituzun koadernoak zergatik ez diren Eroskin saltzen esatea bezalako zerbait da. Ez zaigu gaizki iruditzen gogoeta, ezta galdera ere! Baina... 

Egokien iruditzen zaizkigun banaketa moduak aukeratzen ditugu, zuzen ala oker. Ahalik eta kontsekuenteen izaten saiatzen gara, baina ezeren bandera izaten saiatu gabe. Inkoherentzien zerrenda handia izango dugu, hori ziur.

Gauza batzuk gustatzen zaizkigu, eta nahiago dugu horrela mantendu, eta beste batzuk ez zaizkigu gustatzen edo, zuzenean, ez genukeen erabiltzen jakingo, denbora eta dedikazio gehiegi eskatuko lizkigutelako.

Zer morrontza eta zer poz eragiten dizkizue bide malkartsu horrek? 

Bada, naturalagoa den zerbaitekin bat datorren bide bat egitearen poza, eta hori bat dator, agian, musika egiten hasi ginenetik ulertu dugun "logikarekin".

Eta atsegin ez ditugun beste logika merkantilista batzuetatik ihes egitea, nahiz eta batzuk onartuko ditugun, ziur. Hori oso poztasun handia da.

Morrontzak... gutxi. Horretaz libratzen saiatzen gara, gauza asko hipotekatzen.

Bide baten amaiera den honetan, zer ikusten da atzera begiratuz gero?

Bizitza luze bat. Antzeko dedikazioa duenak ulertu ahalko du, iheskorra izanagatik ere antzeko istorio edo sormenezko proiektu batean ari denak. Azkenean, zure bizitzaren zati handi bat da, nortasuna eta giza harremanak garatzen eta abarretan laguntzen dizun zati handi bat. 

Atzera begiratuz gero, konturatzen zara bide hori izan ez bazenu ez zenuela ezagutuko zorionez ezagutu duzun jende zoragarri asko. Arratoiak eta jende zikina ere ezagutzen dituzu, baina jende hori ahaztu egiten da.

Jende miragarriak, ostera, iraun egiten du, eta arima eta bihotza elikatzen ditu.

Eta zer ikusten da oraingo puntutik aurrera begiratuz gero?

Beti dago inkognita puntu bat. Alderantzizko nostalgia moduko bat. Ez da beldurra, baina bai bizitzako edozein aldaketaren aurreko ziurgabetasuna, mudantza bat izaten denean bezala. 

Denak bere bideari jarraitzea izango da naturalena, baina amaikortasunaren mamua prest dago, eta, bandaren ohiko martxa ikusita, suposatzen dut denoi sartzen zaigula zalantza eternal hori, hurrengo hilabeteak edo urteak nolakoak izango diren jakiteko.

Ez dakit pentsatu dugun. Oraintxe bertan, itxi egiten da aurreko diskoa, azken honen bikia, konposatzen hasi ginenetik irekita zegoen ziklo hau. Oso aldi luzea izan da, baita, zergatik ez esan, nekagarria ere; urte asko, azkenean. Nik uste dut garbitzailea izango dela atsedena.

Atseden hori ondo zaintzea besterik ez da geratzen, beste zerbait bihur ez dadin, eta, horrela, gehien mugitzen gaituena egiten jarraitu ahal izateko.

Bitartean, ostiralean, saiatuko gara Inoren Ero Nirekin eta lagunekin gozatzen. Oso gau polita izango da Jimmy Jazzen egongo garen guztiontzat.