''20 urte zure eskutik''
ETSk BECeko ospakizun hirukoitza abiatuko du
N. V. | EITB Media
En Tol Sarmiento taldeak larunbatean eskainiko du hogei urteko ibilbidea ospatzeko egingo dituen hiru kontzertuetako lehena. Hurrengo bi zitak martxoaren 21 eta 22rako daude jarrita, eta hiru gaualdietarako sarrera guztiak daude salduta.


ETS, En Tol Sarmiento
ETS (En Tol Sarmiento) taldeak larunbatean, martxoak 15, hasiko du agertokien gainean bi hamarkada bete dituela ospatzeko BECen antolatu duen urteurren jaia. Guztira 45.000 lagun bilduko dituen kontzertu errenkada hau larunbatean hasiko da, eta datorren asteburuan jarraituko du, arabar taldeak ostiral-larunbatetan eskainiko dituen emanaldiekin.
Boskoteak ez du kontzertuei buruzko xehetasun handirik eman nahi izan, baina ETSko kideek aurreratu dute agertokian hainbat musikari eta dantzari izango dituztela lagun. Halako batean, 40 pertsona ere batuko dira oholtza gainean.
Hiru gaualdietarako sarrera guztiak salduta daude, baina txartelik gabe gelditu direnek EITBren bidez jarraitu ahalko dute martxoaren 22ko kontzertua, EiTBko irratien, eitb.eus-en eta Primeranen.
Ordutegiak
2025eko martxoaren 15a, larunbata: SARRERAK AGORTUTA
18:00 Ateak irekitzea
18:15 Andoni Ollokiegi
19:15 Gozategi
21:00 ETS
2025eko martxoaren 21a, ostirala: SARRERAK AGORTUTA
18:00 Ateak irekitzea
18:15 Andoni Ollokiegi
19:15 Gozategi
21:00 ETS
2025eko martxoaren 22a, larunbata: SARRERAK AGORTUTA
2. pabiloia – Sarrera hau duen publikoarentzat bakarrik, eguneko jarduerak
BBK Herriko Plazan:
12:30 BBK Herriko Plazako ate irekiera
12:40 DJ Bull
13:30 Txupinazoa (Miren Nogales & Antton Telleria)
13:45 Puro Relajo
14:45 Herri kirolak: Aizkolariak (Mikel Larrañaga & Julen Alberdi "Txikia IV")
15:05 DJ Bull
15:30 Herri kirolak: Harri-jasotzailea (Urdax)
15:50 DJ Bull
16:20 Herri kirolak: Aizkolariak (Karmele Gisasola & Oihana Fernandez)
16:40 Dantzaldia: Joselu Anaiak
18:30 HERRIKO JAIAK, amaiera
Egunean zehar egongo dira haurrentzako jolasak, puzgarriak, kaleko musika, janari postuak...
Bizkaia Arenan:
18:30 Ateak irekitzea
18:30 Andoni Ollokiegi
19:45 Gozategi
21:30 ETS
BBK Herriko Plaza
Martxoaren 22an, adin tarte guztietako publikoarentzat pentsatutako egitaraua izango da BECeko 2. pabiloian, goizetik eta iluntzera arte. Miren Nogalesek eta Antton Telleriak botako dute txupina, eta herri kirolak, haurrentzako jarduerak eta kalejirak izango dira egun osoan zehar.
Gainera, Puro Relajoren musika mexikarra, Joselu Anaiak taldearen erromeria eta DJ Bullen musika aukeraketaz gozatzeko aukera izango da. Martxoaren 22ko sarrera erosi dutenek soilik izango dute sarbidea BBK Herriko Plazara.