Itxi

Aldaketa

Iñigo Alberdi izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari berria

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Alberdik, Bilboko Koral Elkartearen egungo zuzendari nagusiak, maiatzaren 7an hartuko du kargua, Ibon Aranbarrik erretiroa hartu eta gero.

Ibon Aranbarri eta Iñigo Alberdi.

Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusiak hartuko du Ibon Aranbarriren lekukoa Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzendaritzan, BOSen patronatuak gaur, ostiralarekin, hala onartuta. Alberdik maiatzaren 7an hartuko du kargua, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.

Ibon Aranbarri BOSen zuzendariak erretiroa hartuko du aurten, karguan 20 urte baino gehiago egin eta gero.

Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze, Gipuzkoa, 1973), berriz, Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia da 2016tik, eta irakasle laguntzailea Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian eta Nafarroako Unibertsitatean.

Prestakuntzari dagokionez, Zuzenbidean lizentziaduna da EHUn, eta goi mailako tituluduna Musika Pedagogian eta Klabezinean Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, MBA masterra Mondragon Unibertsitatean eta Musikologian masterra Errioxako Unibertsitatean.

Alberdi Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2014ra, eta Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa 2017tik 2019ra.