Euskara
Californiako unibertsitateko ikasle bat, Etxepare lehiaketako irabazle
University of California Santa Barbaran Euskara eta Euskal Kultura ikasten duen Eva M. Wheeler, Etxepare Munduan argazki lehiaketako irabazle suertatu da (argazkian).
Santa Barbarako University of Californian Euskara eta Euskal Kultura ikasten duen Eva M. Wheelerrek egindako "Etxepare UC Santa Barbara West Beach" izeneko argazkiak irabazi du Etxepare Munduan argazki lehiaketa. Institutuko epaimahai batek bozka gehien jaso dituzten bost argazkien artean aukeratu du irudia.
Ikasleak zein haren irakasleak sari bana jasoko dute: udan euskal barnetegi batean euskara ikasteko aukera lehenak, eta Euskadira bidaiatzeko laguntza besteak. Institutuak abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Egunaren karietara antolatu zuen lehiaketa, Etxeparek mundu osoko unibertsitate ezberdinetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakasle eta ikasleei zuzenduta zegoena, sare horretan egiten den lan garrantzitsua erakustea helburu.
Irakurle eta ikasleen esku-hartzea zein sare sozialetan botoan eman dutenen erantzuna bikainak izan dira, 82 argazki eta 1.042 bozka jaso baitira. Institutuak eskerrik beroenak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei.