Itxi

Proposamena

Donostiako EAJk EOSen egoitza hirian mantentzea eskatu du

Jose Luis Bilbaok Euskadiko Orkestrak eta Bilboko sinfonikoak bat egitea proposatu zuen eta Eneko Goiak EOSen egoitza Gipuzkoako hiriburuan mantentzea eskatuko du.

Eneko Goia, EAJko Donostiako udaleko bozeramailea. Argazkia: EITB

Donostiako EAJk Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak (Euskadiko Orkestrak eta Bilboko sinfonikoak bat egitea, alegia) egindako proposamenari aurre egin dio: Eusko Jaurlaritzari EOSaren egoitza Gipuzkoako hiriburuan gelditzea eskatu dute. Eneko Goia udaleko bozeramaile jeltzaleak jakinarazi duenez, hurrengo udalbatzan aztertzea eskatuko du eta dirudienez, alderdi sozialistak ildo beretik doan proposamen bat luzatuko du.

Goiak esan duenez, "bere interesen defentsa" egin du Jose Luis Bilbaok (Goia bezala, EAJ alderdikoa), baina fusioaren proposamena pertsonala dela esan du, eta ez alderdiarena. "Aldebakarreko manifestazio bat baino ez da izan", adierazi du EAJko bozeramaileak. Gainera, bere alderdiko arduradunekin eta Iñigo Urkulluren gobernuko kideekin bildu da gai honi buruz hitz egiteko -ez Jose Luis Bilbaorekin- eta beraien erantzuna "baiezkoa" izan da. Horregatik, lasai dagoela esan du.

Esan duenez, ez du EOSek egoitza aldatzearen "beldurrik", baina udalbatzara eramango du "badaezpada" eta "horrelako eztabaidak agertzen direnean hiria horrelakoen alde agertu behar delako, eta ez badu udal gobernuak egiten, hemen dago EAJ hori egiteko". Orkestrak hiriari azken 30 urteotan egin dion "ekarpena" ezinbestekotzat hartu du alderdi jeltzaleak.

Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak, bere aldetik, orkestra sinfonikoa Donostian mantentzearen aldeko apostua "erabatekoa" dela esan du eta Donostiako Udalan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Legebiltzarrean galderak egindo dituzte.

Albisteak (1)