Itxi

Polemika

Aiert Goenaga: 'Boterekeria dago erabakiaren atzean'

"Gezurra da Gerediagak aurpegiratzen didana, hau da, nire proiektu pertsonal bezala hartzea", esan du Goenagak. "Boterekeria" ikusi du Aiert Goenagak bera kaleratzeko erabakiaren atzean.

Aiert Goenaga. Argazkia: EITB

Aiert Goenagak Durangoko Azokako zuzendari izateari utzi zion atzo eta gaur Euskadi Irratian izan da, Gerediagak emandako azalpenei erantzun emanez. "Nola izango da nire proiektu pertsonala? Aurten, inoiz baino horizontalagoa izan denean? Hori gezurra da", esan du "Faktoria" saioan. "Eraso pertsonal batekin itxi nahi dute hau, eta ez da bidezkoa", adierazi du. "Nire nahia urak bere horretara bueltatzea da", gaineratu du.

Prentsa ohar batean esan duenez, 2011ko udan hasi zen Gerediaga Elkartearentzat lanean, eta ordutik "guztia" eman du proiektuaren onerako, "zintzotasun osoarekin" jokatuta; beraz, alde horretatik "kontzientzia oso lasai dut", azpimarratu du. Baina berari aurrez aurre joan den astean esan ziotenetik atzo zabaldutakora aldea dagoela azaldu du: "etxe barrurako lanak ez nituela egoki egin", esan zioten orduan, eta "nirekin zuten konfiantza galdu zutela".

"Gezurra da Gerediagak aurpegiratzen didana, hau da, nire proiektu pertsonal bezala hartzea", esan du Goenagak. Eredu bizi eta dinamikoa duen agentea izan behar du Azokak, bere ustez, eta horretarako "kudeaketa ereduak ere bizi eta dinamikoa izan behar du; ez orain 40, 30, 20 edo 10 urtekoa".

Kudeaketa ereduaren inguruko desadostasunak denboran oso atzetik datozela aitortu du Aiert Goenagak, lanean hasi bezain pronto hasi baitziren, horren ustez. "Desadostasunaren ondorioz izandako kaleratzea, baina, eraso pertsonal batez itxi nahi da", gaineratu du. "Atzo bertan argitaletxeei helarazitako oharrean, azken erabaki horretan beraien balorazioak zuen pisua azpimarratu zuten, ordu batzuk geroago prentsan publiko egin den bertsiotik oso urruti".

"Boterekeria" ikusi du Goenagak bera kaleratzeko erabakiaren atzean. !Ohiko erabaki guneak kolokan ikusi eta elkarlana subkontrata ereduan kudeatuko ez nuela konturatzean martxan jarritako kanpaina, hau da, 2012ko maiatzetik martxan zegoen kanpaina. Gerediaga Elkartearen Zuzendaritzak Azokaren kontrol osoa izatearen sentsazioa berreskuratzeko hartu den erabakia da beraz. Hauxe nire egia", adierazi du.

30 urteko ondarroarra enpresa eta administrazio zuzendaritzan lizentziaduna da, eta pertsona eta erakundeen kudeaketan espezializatu da. Lea-Artibaiko sare industrialaren azterketa egin du Azaro Fundazioarentzat, eta Gaindegia Elkartean proiektu koordinatzailea izan da Euskal Herriko behatoki sozio-ekonomikoan. Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko Hitza aldizkariko kudeatzailea ere izan eta gero, Jon Irazabalen tokia hartu zuen Durangoko Azokako zuzendaritzan, horrek karguan 30 urte eman ostean.

"Ez sinistu Gerediaga Elkartean, ezta ere Aiert Goenagarengan, baina sinistu Durangoko Azokarengan": horrela amaitzen da Aiert Goenagak zuzendu duen prentsa-oharra.

Albisteak (1)

Audioak (1)