Aurkezpena
Windows 8 eta Office 2013 tresna berriak, euskaraz
Baztarrikak adierazi du IKTak euskararaz baliatzea "oso garrantzitsua" dela eta euskarak teknologia horiek baliatzea "nahitaezkoa" dela.
Eusko Jaurlaritzak eta Microsoft konpainiak euskarazko Windows 8 eta Office 2013 tresna berriak aurkeztu dituzte, "Bide berriak urratuz teknologien bidez" izenburupean Bilboko BBK aretoan egindako ekitaldi batean. Lanabes informatiko berriak euskaraz izatea Jaurlaritzaren eta Microsoften arteko bi hamarkadako elkarlanaren ondorioa da.
Euskadiko etxeko erabiltzaile, profesional, enpresa eta erakundeek dagoeneko doan deskarga dezakete euskarazko interfaze-paketea eta, horri esker, Microsoften euskarazko bi produktu berritzaileenak erabili ahal izango dira esteka hauetan deskargatuz: microsoft.es/eus eta euskadi.net/euskara_soft.
Sistema eragilearen harrera oso ona izaten ari da merkatuan, eta horrela, merkaturatu zenetik sei hilabete igaro direnean, mundu guztian 100 milioi lizentzia saldu dira eta Windows 8arekin ziurtatutako 2.400 gailu baino gehiago daude. Bestalde, Office berriak erabiltzailearen esperientzia hobetzen eta haren produktibitatea hobetzen laguntzen du, bai eta "hodeian" komunikazioko eta lankidetzako ingurua sortzen ere. Lanabes informatiko berriak, Word, Excel, PowerPoint eta OneNote ez ezik, Access, Publisher eta Outlook aplikazioak ere jasotzen ditu. Gainera, Office berria sare sozial guztiekin integratzen da.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikareko sailburuorde Patxi Baztarrikak bere hitzaldian adierazi duenez, Jaurlaritzak garatzen duen hizkuntza politikaren helburu nagusia, euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da, baita IKTetan ere, eta teknologia horiek euskararako baliatzea "oso garrantzitsua" delako. "Garrantzitsua da, ez teknologia horietan nolabait egotea komenigarria delako, baizik eta nahitaezkoa duelako euskarak teknologia horietaz ere baliatzea. Etengabeko berrikuntzari lotu behar zaio euskara, eta teknologia nagusi duen gizarte honetan berrikuntzaren uretan ibiltzeko nahitaezkoa du euskarak produktu teknologikoez baliatzea. Bai edo bai jakin behar dute euskaraz hitz egiten teknologia horiek", esan du.
"Euskararen osasunarentzat garrantzitsua da tresna teknologikoak hizkuntza horretan izatea, baina garrantzitsuena eta erabakigarriena ez da hori: garrantzitsuena eta erabakigarriena da eskura ditugun tresna eta produktu horiek erabiltzea. Euskarak benetan behar duena erabilia izatea baita. Hiztunak eta erabiltzaileak behar ditu", nabarmendu du. Ildo horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Microsoft gonbidatu du "aurrerantzean ere" bidaide izaten jarraitzera, eta euskal hiztunak produktu berriak erabiltzera.