Itxi

EUSKARA IKASLEEN OMENEZ

Jarraitu ‘Obabakoak’ liburuaren irakurraldi etengabea

Erredakzioa

08:00etatik 20:00etara, ‘Obabakoak’ lana irakurriko dute etengabe Arriaga Antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, euskara ikasleen ahalegina goresteko eta irakurzaletasuna sustatzeko.

Duela bost urte abiatutako ekimena gero eta ohitura errotuagoa bihurtzeko bidean da, eta aurten ere Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea prestatu dute Bilbo Zaharra euskaltegikoek, euskara ikasleek egiten dute ahalegina aintzat hartzeko. Jarraitu ekitaldia zuzenean, hemen.

Aurreko urteetan besteak beste ‘Gero’ eta ‘Peru Abarka’ irakurri eta gero, aurten ‘Obabakoak’ lanaren txanda izango da: Bernardo Atxaga Asteasuko idazlearen liburua hartuko dute irakurgai Arriaga Antzokiko eszenatokitik pasatzen direnek, kultura, politika eta kirol arloko pertsona ezagunek, ikasleek, irakasleek... Guztira, 400 pertsonak hartuko dute parte.

Aurten, gainera, beste hainbat ekitaldi izan dira han-hor-hemen, Bernardo Atxagaren ibilbidean mugarria ezarri zuen lanaren inguruan; izan ere, 25 urte bete ditu Kritikaren Saria, Narratiba Sari Nazionala eta Euskadi Literatura Saria irabazi zituen liburuak.