Eusko Jaurlaritza
Ideologiak eragin gutxi du euskararen erabileran
Erredakzioa
Iñaki Martinez de Lunak zuzendu duen ikerketa baten arabera, gutxik ikasten eta hitz egiten dute euskara ideologiak bultzatuta.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak euskaraz hitz egiteko gaitasunaren, erabileraren eta euskararen gaineko iritziaren inguruko ikerlana egin du. "Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia" txostenaren ondorioetako batek erakusten duenez, gutxik ikasten eta hitz egiten dute euskara ideologiak bultzatuta. Gainera, "elebitasun orekatua" lortzeko bidea familiaren, lagunen eta hezkuntza sistemaren arteko harremana dela azaldu du ikerketa horrek.
Iñaki Martinez de Lunak zuzendu duen ikerketa horren arabera, euskarazko ahozko gaitasuna testuinguru sozialeko erabilerari lotuta dago (familia, lagunartea, lantokia edo eskola), eta, bigarren maila batean, hizkuntza jasotzeko eragileak daude (gurasoen hizkuntza nagusia, ikasketen hizkuntza edota euskara eskolatik kanpo ikastea). Sexuak, ideologiak edota identitate politikoak, berriz, ez dute harremanik euskarazko ahozko gaitasunarekin.
Euskarari buruzko iritzi eta motibazioen alorrean, euskaltzaleen taldea da nagusi, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erdiek baino gehiagok jarrera positiboa dute euskararen aurrean. Haien burua abertzaletzat duten pertsonek euskarari buruzko iritzi ona dute, eta alderantziz. Horrez gain, ikerketaren arabera, talde berri bat agertu da, euskarari abantaila soziala ikusten diotenena.
Euskararen erabileran eragin handiena duten eragileak familia, lagunartea eta lana zein ikasketak direla azaldu du Martinez de Lunak; sexu, ideologia edota identitate politikoaren aurretik daude horiek guztiak. Alor horretan gaztelaniaren alde egiten duen elebitasun desorekatua aipatu dute txostenaren arduradunek, eta horrek hiztunek hobesten duten hizkuntza erabiltzeko eskubidea mugatzen duela azaldu du.
Halaber, norberaren elebitasun desorekatuak ere eragiten duela azaldu du Martinez de Lunak, eta herritarren berezko joera errazago egiten zaien hizkuntzan hitz egitea izaten dela azpimarratu du.