200. urteurrena
Berriz gerta ez dadin
Donostiaren erreketaren 200. urteurrena ospatuko dute abuztuaren 31an eta aurten inoiz baino jendetsuagoa espero dute. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Abuztuaren 31, aurten inoiz baino bereziagoa izango da Donostian, data horrek gogora ekartzen duen gertakari lazgarriak aurten 200 urte beteko dituelako. Urte hasieratik antolatu dituzten ekitaldiek datorren astean izango dute mugarri gorena, eta izango da bai, zer ikusi, zer entzun eta baita parte hartzeko aukera ere.
Suntsiketa eta berreraikuntza ardatz gisa hartuko dituen hainbat ekitaldiren artean espreski sortuak izango dira, Kresala eta Verdini dantza taldeen ikuskizuna edota Donostiako Orfeoiak estreinakoz abestuko duen himnoa. Euskadiko Orkestrak bere aldetik kontzertu berezia eskainiko du Konstituzio Plazan. Baina egitaraua oso da zabala.
Motorrak berotzen joateko, Donostia Sutan elkarteak duela 200 urteko lekukotzak irakurketa publikoan eta berripaper bidez banatuko ditu datorren igandetik aurrera.
Mendeurrenaren gauean berriz, urteroko kandelen ekitaldia inoiz baino jendetsuagoa espero da, eta danborrada gehiagoren partaidetzaz gainera, udaleko talde politiko guztien ordezkariek suziak eskuetan zeharkatuko dute zutik geratu zen kale bakarra.
Konta ezinak dira urtarrilaz geroztik mendeurrenaren oroitzan parte hartzen ari diren donostiarrak, elkarte, erakunde eta norbanakoak. Bigarren mendeurren honek Donostia suntsitu zuteneko egunak gogoratu baino gehiago egin nahi du, asko ikertu gabe dauden gertakariak argitu, argitzeko bidea ere eman nahi du, Juan Karlos Izagirre alkateak esan duenez.