Itxi

Euskara

Europar Herritarraren Saria jaso du Euskaltzaindiak

Erredakzioa

"Sari honekin euskara ikusaraztea lortu dugu, baina euskararen arazoak ez ditugu konpondu", adierazi du Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak saria jaso eta gero.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europako Parlamentuak Europar Herritarraren Saria eman die 21 herrialdetako 43 irabazleri. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean azaltzen diren balioak aldarrikatzen dituzten pertsonak eta erakundeak saritzen ditu. Sarituen artean, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma eta Euskaltzaindia daude; azken hautagaitza hori, Izaskun Bilbao europarlamentariak eskatuta.

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteari saria eman dio Bruselan, Ganberako egoitzan.

"Sari honekin euskara ikusaraztea lortu dugu, baina euskararen arazoak ez ditugu konpondu", adierazi du Urrutiak saria jaso eta gero.

Euskaltzaindiako presidentearen ahotan, "euskal kultura eta hizkuntza indartzeko lanean jarraitzea beharrezkoa da".

Erakundearen helburua "euskara sendotzea, estandarizazioa lortzea eta esparru guztietan erabiltzea da", gaineratu du.

Ordu batzuk lehenago, Urrutiak elkarrizketa eskaini du Radio Euskadin, eta saria eskertu du, "euskarak Europan tokia" izan behar duela aldarrikatzeaz gain. "Euskararentzat eta Europako gainerako hizkuntzentzat espazioa lortzea" errealitate bihurtzeko eskatu du Euskaltzaindiaren zuzendariak.

Urrutiak esan duenez, "sari hau ez da Euskaltzaindiarentzat soilik, historian zehar Euskaltzaindia egin dutenentzat baizik, baita egun egiten dutenentzat ere: kolaboratzaileak, langileak eta euskararen mundua. Horiek gabe, gure ahalegina alferrikakoa litzateke. Horiekin, euskarak badu etorkizunik, eta euskal kultura errealitate bat da, sari honek onartzen duenez".

Albisteak (4)

Bideoak (2)

Audioak (1)