Ekimen berria
Kulturaren Defentsarako Plataforma aurkeztu dute
Erredakzioa
43 elkartek osatzen duten ekimenaren helburua kultura herritarrengana hurbiltzea eta BEZa jaistea da.
Kulturaren Defentsarako Plataforma astelehen honetan aurkeztu dute, Madrilgo Arte Ederren Elkartean. Ekimen berria 43 elkartek osatzen dute, eta kultura herritarrengana hurbiltzea eta % 21eko BEZa jaistea du helburu.
"Kultura denona dela aldarrikatu behar dugu. Konstituzioan agertzen den eskubide bat da, eta Unescok eta Nazio Batuek babesten dute. Hala ere, egungo politikek kultura baztertu egiten dute, munduan, Estatuan eta erkidegoetan", azaldu du Alicia Torrija bozeramaileak.
Beste eskakizunetako bat kultura alor bakoitzeko ordezkariak legeak garatzeko solaskideak izatea da.
Oraingoz, Plataformak azaroaren 16an Madril, herritarrak eta ondarea izeneko elkarteak antolatutako martxan parte hartuko du.
Horrez gain, hilaren 21ean BEZaren igoeraren aurkako protestan eta 22an, Santa Cecilia eguna dela eta, musikariek egingo duten elkarretaratzean izango da. Manifestazio horiez gain, osatu berri duten plataformak "kulturaren aldeko marea" antolatu nahi du abenduaren 14rako.