Heriotza
Doris Lessing idazlea hil da
Erredakzioa
XX. mendean eragin handia izan zuen idazleetako bat izan zen. 50 eleberritik gora idatzi zituen, eta hainbat sari irabazi zituen, tartean, Literatura Nobel Saria 2007an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Doris Lessing idazlea hil da 94 urte zituela, The Guardian egunkari britainiarrak jakinarazi duenez.
50 eleberritik gora idatzi zituen , eta XX. mendean eragin handia izan zuen. Hainbat sari irabazi zituen, tartean, Literatura Nobel Saria 2007an, Asturiasko Printzeen Saria 2001ean eta Kataluniako Nazioarteko Saria 1999an. Literaturako Nobel Saria inoiz irabazi duen idazle zaharrena da; izan ere, 88 urte zituela jaso zuen saria.
Lessing "bakean" hil da goizaldean Londresko bere etxean, Jonathan Clowes haren agente eta lagunak jakinarazi duenez. Dena den, ez du Lessingen heriotzaren zergatia azaldu. "Idazle zoragarria zen eta ohore bat izan da harentzat lan egitea, eta haren hutsunea asko nabarituko dut", gaineratu du.
Urre koloreko koadernoa eleberriarengatik egin zen ezagun batez ere, eta bertan emakumezkoen izaera eta sormena aztertzen zituen. Lessingek 50 eleberritik gora idatzi ditu eta hainbat jorratu ditu, besteak beste, kultura nortasuna eta eromena.
Hedabide britainiarrek gaurko aleetan nabarmendu dutenez, bere lehen eleberrietan, Indarkeriaren seme-alabak edo Belarrari kantari kasu, kritika soziala egiten zuen eta komunistatzat jo zuten.
Lessingek idatzitako liburuen artean aipagarriak dira baita ere, Terrorista ona, Bosgarren semea edo Auzotar onaren egunerokoa.