Hitzaldia
Europarako hizkuntza politika propioa aldarrikatu du Baztarrikak
"Euskara Europan. Hizkuntza Politikak" hitzaldia eman du Bruselan, Etxepare Euskal Institutuak Euskararen Eguna dela-eta antolaturiko egitarauan.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Europarako hizkuntza politika propio baten beharra plazaratu du Bruselan. Europako hizkuntzen mapa funtzional bat osatzea edota hizkuntza eskubideak agiri europar baten bidez instituzionalizatzea ere proposatu du.
"Euskara Europan. Hizkuntza Politikak" izenburupean eman du hitzaldia gaur goizean Patxi Baztarrikak Bruselan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen egitarauaren barnean. Bruselan egonik, eta abenduaren 3an ospatzen den egun horren leloa #mundiala dela jakinik, "Europako zelai zabalera begira" egin du hitzaldiaren zatirik esanguratsuena Baztarrikak. "Hizkuntza europarra da euskara, eta bere biziraupena eta hazkuntza bermatzeko behar besteko tokia, habitat egokia, eraiki nahi diogu Europako beste hizkuntzen artean. Europeismoa da gure izpiritua. Gaztelaniarekiko eta Europako beste hizkuntzekiko osagarri hartzen dugu euskara, eta euskararen osagarri hartzen ditugu beste hizkuntzak", adierazi du.
Bere iritziz, Europar Batasuneko eleaniztasuna ezin da gaur egungo 23 hizkuntza ofizialetara mugatu, "badirelako gutxi gorabehera beste60 hizkuntza, badirelako milioika europar estaturik gabeko herrietako hizkuntzak erabiltzen dituztenak, eta badirelako estatu-hizkuntza izate hutsak ematen duen merezimenduagatik ofizialak diren zenbait hizkuntzek baino hiztun gehiago dituzten hizkuntza ez ofizialak". Horregatik, Europako Batasuneko zenbait lurralde eremutan ofizial diren hizkuntzentzat ere estatu-hizkuntzen neurriko lekua eskatu du sailburuordeak. "Europeismoan sakontzea izango litzateke hori, hizkuntzen onarpen hori bera oso lagungarri izango bailitzateke Europako herritarrak are europarrago sentitzera iritsi daitezen", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzaren izenean lankidetzarako eskaintza luzatu du Baztarrikak Europan. "Eusko Jaurlaritzak bere lankidetza eskaintzen du, euskararen kasuan metaturiko ezagutza eta praktika onak beste hizkuntza batzuen biziberritze prozesuetako eragileekin partekatzeko, eta hizkuntza biziberritzeko prozesuen dimentsio europarra sustatzeko", azaldu du. Hizkuntza politikaren europar dimentsioa ez ezik, euskararen biziberritzea ere izan da mintzagai Bruselan. Euskararen azken 20 urteetako bilakaera soziala azaldu du Baztarrikak entzuleen aurrean, eta bereziki hizkuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan duen hazkundearen eta jauziaren berri eman die.
Etorkizuneko erronkei eskainitako hitzak ere izan ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskadiren Europako Batasuneko Ordezkaritzak eta Etxepare EuskalInstitutuak elkarrekin gaur goizerako antolatutako ekitaldian, Baztarrikarekin batera hizlari izan da Andres Urrutia euskaltzainburua ere. Hitzaldia amaituta, arratsaldez, Europako Batzordeko Eleaniztasun arloko arduraduna den Ana Carla Pereirarekin eta Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Eleaniztasun komisarioaren Gabineteko buru Yiannakis Asimakisekin bilerak izango ditu Patxi Baztarrikak.