Itxi

Saria

Balendin Lasueni omenaldia Lauaxeta sariaren bitartez

Euskararen normalizazioaren eta kultur zabalpenaren alde egindako lana goraipatzeko saria eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Jabi Elortegi ere saritu dute.

Balendin Lasuen. Argazkia: EFE

Lauxeta sariak banatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, hain zuzen ere Bizkaian, euskararen normalizazioaren eta kultur zabalpenaren alde egindako lana goraipatzeko saria.

Balendin Lasuen zaldibartarrak jaso du Ohorezko Saria, kultur-gizona, ekoizle eta idazlea. Ikusentzunezkoen saria Jabi Elortegik, 1912ko Galernariu buruz egindako dokumentalagatik, eta Poesia saria Rikardo Arregi idazle gasteiztarrak.

Kanpoan da Arregi eta bere ordez Mikel Ayerbek jaso du saria, baita ahotsa ipini esker oneko haren gutunari. "Bitan esan beharra" izeneko poesia liburuagatik hartu du saria, Lauaxeta beraren hitz batzuk jasotzen ditu bertan, idazle mungiarrarekin gogoratuz sentimendu beldurgarri eta kontsolagarria sortzen zaiola aitortu du.

Euskal herriko gay eta lesbianei eta baita Nafarroako irakasle espiatuei dedikatu die Arregik saria. Jabi Elortegik aita, eta aitxitxe zituen euskal arrantzaleak izan ditu gogoan "Galerna: Ekaitz ezezaguna" dokumentalean.

89 urte dituen Balendin Lasuen zaldibartarrari saria, gorazarre eta omenaldi beroa Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean. Ibilbide luzeko kultur-gizona, hainbat esparrutan, etnografian, dantza eta musika, literatura, sormena eta zabalkundean, Zaldibarko lehen alkate demokratikoa ere izandakoa da Lasuen. Umetan Bitor Gandiagaren "Ixiartxo" antzezlanean tiple gisa abestutako doinua gogoratu du.

Bera presidente izandako Gerediaga elkarteko kideak, Euskaltzaindiakoak, hezkuntza eta unibertsditate esparrukoak ere asko izan dira Lasueni omenaldi egin nahi izan dietenak.