Elkarrizketa
Andres Urrutia: 'Etorkinei gure kultura eskaini behar diegu'
'Egun on Euskadi' saioan adierazi duenez, "aberastasuna guztion artean eraiki behar da". "Euren kulturak ekarri dizkigute eta guk ere gure kultura eskaini behar diegu", esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea 'Egun on Euskadi' saioan izan da Euskararen Eguna dela eta. Bertan esan duenez, etorkinak euskal kulturara erakartzeko ahalegin berezia egin nahi dute aurten, "aberastasuna guztion artean eraiki behar delako".
Euskararen Eguna ospatzeko, Linguae Vasconum Primitiae liburua 11 hizkuntzatan irakurriko dute Eusko Legebiltzarrean: "Uste dugu hori dela euskara hurbiltzeko modu bat". Batetik, katalana eta galegoa, "gure inguruan aritu diren hizkuntzak", entzun ahal izango dira, Urrutiaren hitzetan. Bestetik, txinera, errumaniera, arabiera eta kitxua, besteak beste, ere presente izango dira. "Euren kulturak ekarri dizkigute, guk ere gure kultura eskaini behar diegu", esan du.
"Euskara urruti dutenei mezua zabaldu behar diegu, hizkuntza erabili dezaten", azaldu du. Nola gainditu etorkinen beldurra euskararekiko? Lekuaren arabera. "Ondarroan, adibidez, erraz euskaldundu egiten dira. Beste toki batzuetan, baina, laguntza gehiago behar dute". Bestalde, Euskaltzaindiko presidenteak etorkinei keinuak egitera gonbidatu ditu euskaldunak "gurea zabaltzeko".
Administrazioarekin zein justiziarekin bide luzea omen dago egiteko, "beldurrak" jarraitzen duelako. Betiere, "etxekoa, lagun artekoa" ahaztu gabe, bestela "desoreka" sortuko litzateke. Zailtasunak gainditzen ari gara, baina horrelako prozesu sozialak ez omen dira goizetik gauera lortzen.
Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak Durangoko Azoka aipatu du, euskal kulturaren pizgarri baita: "Espero dezagun krisialdiaren eta kontsumoaren beherapenaren gainetik, euskara eta euskal kultura gailentzea". Halere, euskara urte osoan zehar erabili behar dela nabarmendu du.
Jean Haritschelar ere gogoratu du Euskaltzaindiko presidenteak, eta "euskararen zalduna" zela esan du. "Gure errealitatetik euskararen alde egin zuen", adierazi du, eta horregatik omenaldi beroa egingo diote Euskararen Egunean. Horren harira esan duenez, Iparraldean "asko" dago egiteko, eta, euskararen ofizialtasuna behin eta berriz eskatu duten arren, horrek "ez ditu arazo guztiak konponduko". "Jarraituko dugu borrokan eta lanean", aitortu du, "politika guztien gainetik" dagoelako euskara.