Bertsolari Txapelketa Nagusia
Terraza Zientifikoa izango da bihar Bertsolari Txapelketaren finalean
Erredakzioa
Mintzola Fundazioak antolatu du ekimena, eta bertako nahiz atzerriko 38 ikertzaile eta inprobisatzaile bilduko dira finala jarraitzeko.
Terraza Zientifikoa antolatu du Mintzola Fundazioak bihar BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren harira. Hainbat aditu, ikerlari eta atzerriko inprobisatzaile izango dira bertan.
Amasa-Villabonan aurkeztu zuten ekimena atzo, Fundazioaren egoitzan.
Urritik martxan dira Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko Jardunaldiak Mintzola Fundazioan, eta ahozko tradiziotik euskararen ahozkotasunean eragitea dute ardatz. Biharko ekimen horrekin, bertsolaritzaz gain, munduan dauden beste kantu inprobisatuak ezagutarazi eta elkarren arteko trukea sustatu nahi du Mintzolak. Batetik, beste ahozko inprobisazio kantatuen esperientzietatik ikasteko, eta bestetik, bertsolaritza eta euskara munduan ezagutarazteko.
Biharko Terraza Zientifikoan, bertako hainbat ikerlariekin batera, munduko leku ezberdinetatik etorritako ikerlari eta inprobisatzaileak izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusten. Guztira, 38 kide inguru izango dira.
Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea, Andoni Egaña bertsolaria, Mexikoko Ana Zarina, etnomusikologian aditua, John Zemke ikerlari estatubatuarra, Kubako Patricia Tapanes, ikerlaria, soziologian aditua, eta Jone Miren Hernandez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Antropologia irakaslea.